Nazioarteko 135 mikrometraje onenak ikusgai izango dira Hondarribiako Micro jaialdian

120 segundu edo gutxiago. Hori da mikrofilm batek irauten duena. Eta tarte txiki iheskor horretan, istorio bat kontatu. Mundu mailan egin diren 135 lanik onenak ikusi ahal izango dira Hondarribiako Kasino Zaharreko lorategietan. Bertan hartuko du leku jaio berri den Micro jaialdiak.

NAIZ|HONDARRIBIA|03/08/2020
Love
Berrogehi herrialdeetako lanak ikusi ahal izango dira Hondarribian. (MICRO)

«Berehalakotasunaren gizartean bizi gara. Instagrameko bideoek ez dute minutua gainditzen, WhatsAppeko audioak luzeak egiten zaizkigu bi minututik aurrera, kontsumitzen ditugun telesailen atalak gero eta laburragoak dira eta, kulturalki, ez du zertan arazo izan. Baina denbora murriztu badezakegu ere, zinemak besteen begietan jartzeko eta enpatia sortzeko espirituari eutsi behar dio». Hausnarketa horrekin abiatuta aurkeztu du bere burua sortu berri den Micro jaialdiak.

Udako zinema gisa, Hondarribiako Kasino Zaharreko lorategietan ospatuko da, hilaren 6 eta 7an, eta bertan ikusi ahal izango dira 40 herrialdeetako 135 film labur edo mikrofilm, lanek ez baitituzte 120 segundoak gainditzen. Zinemaren bidez, hitzordua Taiwan, Finlandia, Txile, Iran, India, Kroazia eta Dominikar Errepublika bezalako herrialdeetara leiho bat irekitzeko aukera izango da.

Micro jaialditik ohar bidez adierazi dutenez, «zinema ere askotarikoa da kontsumitzeko orduan», eta publiko guztiei men egin nahi izan diete. Horregatik, programazioa kategorien araberako mikro-saioetan banatu dute: ‘Ekologismoa, migrazioa eta errealitateak’ deitutakoa zinemak kontzientziak mugiarazteko balio duela ulertzen dutenentzat pentsatua dado. ‘Maitasuna, komedia eta izugarrikeria’ berriz «zinema errealitatetik ihes egiteko eta emozioak bilatzeko ulertzen dutenentzat». Azkenik, ‘Esperimentala, dantza eta animazioa’ deitu dutena, «formatu zinematografiko bakoitzarekin maitemindutakoentzat».

Zinemaldiaren sorreraren arduraduna Marc Esquirol da, 20 urteko gaztea, Lettoko lantaldearekin batera. Duela urtebete baino gehiago sortu zuen kultura-ekintzailetzaren estudioa, eta horrekin, Micro jaialdiaz gain, U22 Jaialdia sortzea lortu du Bartzelonako MACBAn (zinema gaztearen Estatu mailako jaialdia), zinemagileen arteko networking-eko beste proiektu batzuen artean.
 Proiektuokin, bi helburu nagusi bete nahi dira: gaur egungo zinema aire freskoarekin elikatzea, lan berriak eta kalitatezkoak zabalduz, eta gazteenak inspiratzea.

Saioak eta programazioa

Ostegun eta ostiral honetan izango dira mikrofilmeen emanaldiak, eta batean zein bestean 22.00etatik gauerdira luzatuko da programazioa. Ekitaldiak osasun neurriak ere hartuko ditu eta horregatik distantziak mantenduta 400 aulki izango ditu guneak. Bertaratzeko gonbidapenak aurrez online (Kutxabanken atariaren bidez) edo Hondarribiako Turismo bulegoan bertan erreserbatu beharko dira.

Programazio osoaren berriz, Micro jaialdiaren atarian dago eskuragarri.