David Perez bilbotarra eta Imanol Rayo iruindarra, Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehian

Kutxabank-New Directors saria irabazteko lehiatuko diren zuzendari berrien izenak jakitera eman ditu Zinemaldiak. Hamaika ekoizpen dira guztira: Hego Koreatik, Brasiletik, Estatatu espainiarretik, Txinatik zein Vietnametik ailegatuko dira lanak, besteak beste; tartean, Imanol Rayo iruindarraren ‘Hil-kanpaiak’ eta David Perez bilbotarraren ‘Ane’.

NAIZ|DONOSTIA|04/08/2020
New_directors
Imanol Rayo eta David Perez zinema zuzendariak astearte honetan, Donostian. (Gorka RUBIO I FOKU)

Atzera kontaketa hasten den neurrian badoa Donostiako Zinemaldia 68. edizioa osatuko duten zuzendarien izenak zein ekoizpenen izenburuak aurreratzen. Eta bide horretan beste urrats bat eman du astearte honetan, izan ere, Tabakaleran egindako prentsaurrekoan Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak eta Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak baieztatu dutenez, hamaika izango dira Kutxabank-New Directors saria irabazteko lehiatuko diren lanak. Tartean, Imanol Rayo iruindarra eta David Perez bilbotarrarenak.

Donostian ikusi ahal izango diren ekoizpenak mundu zabaletik datoz: Brasil, Erresuma Batua, Errusia, Estatu espainiarra, Estatu frantsesa, Hego Korea, Herbehereeak, Irlanda, Japonia, Polonia, Txina eta Vietnametik, zehazki. Orotara hamaika ekoizpen lehiatuko dira. Hautatutako lan guztietatik zazpi opera primak dira; gainerakoak, egileen bigarren filmak.

Film luze batekin debutatzen duten zinemagileen artean, lauk aurretik Donostia Zinemaldian garatu, saritu edo programatu diren proiektuak dituzte. Besteak beste, David Perez Sañudok (Bilbo, 1987) ‘Aprieta pero raramente ahoga’ (2017) film laburrarekin parte hartu zuen Zinemira-Kimuak sailean, eta ‘Ane’ aurkeztuko du aurten, desagertutako alaba bilatzen ari den ama bati buruzko film luzea.

Isabel Lamberti (Bühl, 1987) zuzendariak ere ‘Volando voy’ (2015) lan laburrari esker, Nest Donostia Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketako Torino Award saria irabazi zuen, eta, orain, ‘La última primavera’ film luzearekin lehiatuko da. Bestalde, Joâo Paulo Miranda Maria brasildarrak (Sâo Paulo, 1982) saria lortu zuen Zinema Eraikitzen 37 Toulouse sailean eta Grigori Kolomitsev errusiarrak (Krasnodar, 1990), berriz Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen 2018an.

Hasi berrien artean Kim Mi-jo (Jeonju, 1989) korearra, Xingyi Dong (Anyang, 1986) errealizadore txinatarra eta Suzanne Lindonek (Paris, 2000) frantsesa daude. ‘Gal-mae-gi’, ‘Slow Singing’ eta ‘16 printemps’ lanak aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren.

Bigarren filma aurkezteko

Bestalde, lau zinemagile New Directors saria irabazteko lehiatuko dira, euren bigarren film luzearekin. Hori da Imanol Rayo (Iruñea, 1984) zuzendariaren kasua. ‘Bi anai’ lanarekin 2011. urtean Zinemira Saria irabazitakoa dela, Donostiara itzuliko da, eta Miren Gorrotxategiren ‘33 ezkil’ eleberria zinemara eramango du ‘Hil-kanpaiak’ filmean.

Ben Sharrock (Edinburgo, 1988) zuzendariak ere bigarrenez parte hartuko du New Directors sailean (‘Pikadero’ lanarekin egin zuen debuta 2015ean). Oraingoan, ‘Limbo’ aurkeztuko du, errefuxiatuen zailtasunei eta itxaropenari buruzko kulturarteko satira. ‘Silent Night’ (2017) opera primarekin nazioarteko oihartzuna lortu ondoren, Piotr Domalewski (Łomża, 1983) poloniarra Donostiara etorriko da lehen aldiz, eta ‘Jak Najdalej Stąd’ ekarriko du. Akio Fujimoto (Osaka, 1988) japoniarrak ixten du Donostiara lehen aldiz etorriko diren zuzendari berrien zerrenda; ‘Umibe no kanojotachi’ lanarekin etorriko da.

Zinemaldia irailaren 18tik 26ra ospatuko da.