Elx izango du aurkari Bera Berak Alhaurin de la Torreko Kopan

Donostiarrek BM Elx taldea izango dute aurkari irailaren 3tik 6ra bitartean Alhaurin de la Torren ospatuko den Kopako XLI. edizioko final-laurdenetan. Covid-19 dela-eta, apirilean jokatu behar zen fase finala bertan behera gelditu zen.

NAIZ|04/08/2020
Berabera
Bera Berako jokalari eta entrenadoreak, aurredenboraldiko lehen entrenamenduan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Malagako Alhaurin de la Torre hiriko Udal liburutegian eginda gaur Kopako XLI. edizioko zozketa. Super Amara Bera Bera –Barakaldon lortutako txapela defendatuko du Kopako 29. partaidetzan– izan da aurrena zozketan ateratzen, ondorioz, Imanol Alvarezen taldea etxeko gisa arituko da lehiaketa osoan.

Final-laurdenetako aurkaria Elx izango da. Bosgarren aldiz arituko dira elkarren kontra 2012an Altean aurreneko aldiz jokatu zutenetik.

Final-laurdenak irailaren 3an, osteguna, ospatuko dira honako ordutegiekin: 12.15etan, 15.30ean; 18.00etan eta 20.30ean. Datozen egunetan Federazioak, antolatzaileak eta telebistak kanporaketen ordutegiak erabakiko dituzte.

Finalerdiak jokatzekotan –larunbatean, irailak 5- beste ezagun bat izango dute donostiarrek aurrean: Atletico Guardes, lau finalerdi jarraian izan zen aurkaria (2014tik 2017ra) edo Aula Alimentos de Valladolid, Barakaldon finalista eta 2018an Malagan, final-laurdenetan.

Taulako beste aldean, Liberbank Gijon eta KH7 BM Granollers elkarren aurka arituko dira eta Rocasa izango da Rincon Fertilidad Malaga antolatzailearen aurkaria.