NAIZ

Donostiako Piratek jai eguna antolatuko dute abuztuaren 10ean Trinitate plazan

Donostiako Piratek jai eguna ospatuko dute abuztuaren 10ean Trinitate plazan, «segurtasun neurriak errespetatuz». Egunak haurrentzako ikuskizuna, kontzertua, bertsoak eta ‘Izan Pirata’ dokumentala eskainiko ditu.

Donostiako Piratak. (@izanpirata)
Donostiako Piratak. (@izanpirata)

Donostiako Piratak kolektiboak prentsaurrekoa eman du asteazken honetan portuan, eta bertan azaldu dutenez, aurten, «egoera zaila bada ere, Aste Nagusiaren alternatiba eraikitzeko lanean jarraitzea» erabaki dutela.

«Uda berezi honetan, auzokideak eta elkar zaintzea aldarrikatu nahi dugu: arduraz jokatuz eta kontsumo eredutik haratago doan eskaintza bat antolatuz», adierazi dute Donostiako Piratek. Horregatik, ez dute «jai giro masiborik», nahiz eta ez dieten uko egin nahi «kaleei, ezta maila lokaleko antolaketari eta gure mugimenduaren balioei ere».

Donostiako Piratek gogor kritikatu dute Aste Nagusia bertan behera utzi ostean Udalak haiekin izandako jarrera, «gure proposamenei oztopoak jarriz» eta, azaldu dutenez, portuaren erabilera ukatu ostean, azkenean egun bakarra lortu dute Trinitate plazan jarduerak egiteko.

Abuztuaren 10ean, astelehena, egingo dute jai eguna. 12.00etan haurrentzako ikuskizunak egongo dira; 16.30ean, J Martinaren kontzertua; 19.00etan, bertso musikatuak; eta, azkenik, 22.00etan, ‘Izan Pirata’ dokumentalaren proiekzioa.

Zehaztu dutenez, 10ean maskara eraman beharko da beti, sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da eta eserlekuak aldez aurretik antolatuta egongo dira, segurtasun-distantzia mantenduz. Sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira, bai online baita Gipuzkoako hiriburuko hainbat tabernatan ere.

Pertsona bakoitzak, gehienez ere, bost gonbidapen jaso ahal izango ditu, eta horiek lortzeko unean izen-abizenak eta telefono-zenbakia eman beharko dira, «beharrezkoa izanez gero, Osakidetzari emateko». Sarrerak doakoak izango dira, baina, «egoera berezia dela eta, borondatea eman ahal izango da».

Manifestazioa larunbatean

Gainera, datorren larunbat honetan, abuztuak 8, hiriko gainerako jai batzordeekin batera manifestazioa egingo dutela gogoratu dute, «jai herrikoiak aldarrikatzeko eta defendatzeko». Hitzordua eguerdiko 12etan izango da, Gladys Enea parkeko Egiako sarreran.