MSFk eta Sea-Watch-ek itsasontzi berria aterako dute erreskate-lanik gabeko Mediterraneoan

Mugarik Gabeko Medikuek (Médecins sans Frontières, MSF) eta Sea-Watch Alemaniako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) Mediterraneoan migratzaileen  erreskaterako beste misio bat abiaraziko dute. Uztailetik ez dago itsasontzi bat bera ere erreskate lanetan, Libiatik eta Turkiatik iritsiera-saiakerak ugaritu diren arren.

NAIZ|06/08/2020
Lanpedusa
Jendeak Lanpedusako irlatan bainua hartzen duen bitartean etorkinak gerturatzen saiatzen ari dira. (ALBERTO PIZZOLI/AFP)

MSF-k eta Alemaniako GKEak itsasontzi berri bat martxan jartzeko asmoa dute, Sea-Watch 4, egun Borriana portuan dagoena, Castellon.

«Abuztuaren 10 aldera, edo asko jota hilabetearen erdialdera itsasoratzea espero dugu», azaldu du Hassiba Hadj Sahraouik, MSF-n kontu humanitarioetaz arduratzen denak.

«Bete-beharra ezinbestekoa da, egun ez dagoelako GKEen itsasontzi bat bera ere Mediterraneoan», ohartarazi du.

Azkena Ocean Viking izan zen, SOS Méditerranée GKEak itsasoratuta. Itsasontziak 180 migratzaile itsasoratu zituen uztailaren hasieran Sizilian, baina Italiako agintariek, «arazo teknikoen» aitzakiarekin, geldiarazi egin zuten.

Ordura arte, lau urte luze eman dituzte MSFk eta SOS Méditerranée-k elkarlanean, eta Libiatik ihesean Europarako bidean zetozen 30.000 bat migratzaile erreskatatu dituzte.

Koronabirusaren izurritearen eraginez, elkarlan hau eten egin zen joan den apirilean. MSF erreskate lanekin jarraitzearen aldekoa zen, nahiz eta Italiako eta Maltako portuak etorkinentzako itxita egon, «larrialdi humanitarioak» bultzatuta. SOS Méditerranée-k, aitzitik, gutxieneko segurtasun-baldintzak ez zirela betetzen uste zuen.

MSFk kide berri bat aurkitu du Sea-Watch-en. Bere kapitainak, Carola Racketek,  40 bat etorkin lehorreratu zituen ekainaren hasieran Lanpedusan Italiako Gobernuak debekatu bazion ere.

Debekua eta pertsonak

Hadj Sahraoui MSFko bozeramaleak gogoratu duenez, horrelako erabaki bat «kapitainak har dezake soilik», baina Sea-Watch 4arekin horrelakorik errepika daitekeela ohartarazi du, batez ere Ocean Viking-ekin gertatu zena ikusita.
Itsasontziak 11 egun itxaron behar izan zuen portu baten lehorreratzeko baimena lortu aurretik. Egoerak izugarrizko tentsio uneak eragin zituen etorkinen artean. MSFren ustean, itsasoan dagoen jendearen segurtasuna da bermatu behar den lehenengo gauza.

Ocean Viking-ez aparte, Sea-Watch 3 eta Sea-Eye Alemaniako GKEaren Alan Kurdi itsasontziak ere blokeatu ditu Italiako Gobernuak.

«Ez dugu amore emango», ohartarazi du Sea-Watch 4ko arduraduna den Philipp Hahnek.

Itsasontzi berria erosteko ezinbestekoa izan da United 4 Rescue erakundearen finantza sostengua. Erakunde hau Alemaniako eliza protestanteak sortu zuen. «Europako itsasertza zaindu baino jendea ittotzea nahi duen Europako Batasunaren politika arrazistari  erantzun zuzena adierazten du», azaldu du Hahnek.

INFOS ASSOCIÉES