Ramon SOLA

Boluetan gaur dela 20 urte, borroka armatua bere gordinean

Gaur dela 20 urte leherketa ikaragarri batek ETAko lau kideren bizitza bortizki moztu zuen Bilboko Bolueta auzoan. Horietako hiruk 23 urte edo gutxiago zituzten. Erakundeak inoiz jasandako ezbehar latzena izan zen, odolez betetako testuinguru batean: urte bertsuan hil zituen ETAk Jauregui, Korta, Buesa eta Lluch, beste batzuen artean.

Hildakoak gogoan Hernanin eginiko manifestazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Hildakoak gogoan Hernanin eginiko manifestazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Albiste krudela 23.00ak pasata zabaldu zen, abuztuko gaua gogor astinduz. Eztanda izugarri batek Renault Clio auto bat txikituta utzi zuen Bilboko Bolueta auzoko biribilgunean, bai eta barruan zihoazen lagunen gorpuak ere: Hiru ziren? Lau?

Berehala hedatu zen ETAko kideak ziren ustea... eta halaxe baieztatuko zen gerora. Hildako militante horiei izen-abizenak eta aurpegia jartzeko denbora gehiago izan ziren, ordea, eztandaren biolentziaren ondorioz. Patxi Rementeria, Urko Gerrikagoitia, Zigor Aranbarri eta Ekain Ruiz ziren; lehenak 39 urte zituen, gainerakoek 22 eta 23, bizitza oso bat aurrean, errotik moztuta.

Gaur bi hamarkada beteko dira geroztik eta agian ez da albistegietan horren aipamenik agertuko. Oroitzapen ekitaldiek traba handiak jasan dituzte bi hamarkadotan, lehenengo urtemugatik bertatik: 2001ean Markinan, Durangon eta Hernanin «konponbide demokratikoa» aldarri eginez buruturiko ekitaldien aurka egin zuen Estatuko Fiskaltzak, Ertzaintzaren txostenak erabiliz. Hurrengo urteotan ez zen gertatutakoa oroitzeko ekimenik falta izan, baina beti sekretupean eta azkar batean: lore sorta batzuk eta “Eusko Gudariak”, hori baino ez, xume-xume, ezinbestean.

Leherketak eragin zuen zirrara nabaria izan bazen ere, tragedia hau laster urtu zen gatazka armatuaren gurpil-zoroaren jira-bueltan. Izan ere, Lizarra-Garaziko akordioaren aurreko hilabeteak eta hausturaren ondoren hurrengo hauek bereziki bortitzak izan ziren; ETAren erasoaldi gogorrak batetik, eta, Estatuaren errepresioa eta ekintza ilun ugari, bestetik. 2000aren hasieran erakundeak 1998ko irailean abiaturiko su etena bertan behera utzi ondoren, ekintza militarrak kateatu ziren, politika arloan aritzen ziren pertsonen aurka bereziki: Fernando Buesa PSEko legebiltzarkidea hil zuen ETAk otsailean, Jorge Diez Elorza bizkartzainarekin batera; Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa uztailean –Boluetakoa baino astebete lehenago beraz–; Ernest Lluch PSOEko ministro ohia azaroan... Bilboko eztandaren hurrengo egunean gertatutakoak islatzen du odoluste geldiezin hura: Joxe Mari Korta Adegiko presidentea hil zuen bonba-auto baten eztandak Zumaian.

Atxiloketak, torturak edota espetxerako bidean izandako istripuak ere eguneroko ogia ziren, astero-astero izaten zen berri lazgarriren bat. Lizarra-Garaziko akordioaren ondoren bezala, aurretik ere. 1997. urteak Miguel Angel Blancoren bahiketa eta hilketa utzi zuen denon gogoan. Bost hilabete lehenagoko otsailaren 10a, gatazkaren gordintasunaren adierazle nabarmenetakoa izan zen: Joxe Mari Aranzamendi Katxue presoa espetxean hilik agertu berria zelarik, goizean Granadan Domingo Puente Armadako langilea hil zuen ETAk, eguerdian espetxera sartzeko zain zen Eugenio Aranburu Txo HBko mahaikideak bere buruaz beste egin zuen, eta, zertxobait geroago, Auzitegi Goreneko Rafael Martinez Emperador epailea hil zuen ETAk Madrilen. Hurrengo egunean Patxi Arratibel enpresa-gizona hil zen beste ekintza batean, eta, tartean, gauean, Unai Salaberria Iruñeko intsumiso espetxeratuak bere buruaz beste egin zuen. Talka armatuaren zulo beltzak den-dena irensten zuen.

Lau hildakoak

ETAren historia osoan, bere terminologia erabiliz, istripu larriena izan zen Boluetakoa. Inoiz ez zen halabeharrez gertatutako leherketa batean hainbeste kiderik batera hil. Baina ez zen ere gauza isolatua izan: urtebete geroago bizia galduko zuen Olaia Kastresana donostiarrak beste eztanda batean Torreviejan, 20 urte eskas zituelarik. Eta urtebete geroago, Egoitz Gurrutxaga eta Hodei Galarraga hil ziren antzeko moduan, Bilboko Basurto auzoan.

Borroka armatuaren gogortasunaz hauxe adierazia zuen Jose Miguel Beñaran Argala berak 70eko hamarkadan: «Borroka armatua gauza desatsegina da, gogorra. Ez da inoren gustukoa. Espetxea eta atzerriratzea dakartza, tortura pairatzea, borroka armatuaren ondorioz hil egin daiteke eta batek bere burua besteak hiltzera behartuta ikusten du, pertsona gogortu egiten da, norberak mina jasaten du...»

Boluetako eztandak ETAko kide ezagun bat eraman zuen betirako, eta, harekin batera, ordura arte sekretupean erakundean militatzen ari ziren bi gazte zein klandestinitatean hiru urte inguru zeramatzan beste bat.

Patxi Rementeriak 39 urte zituen eta Markinan jaioa zen. Txiste goitizenaz ezagunagoa zen, bere izaera irekia zela-eta. Jarraiko kontseilu eratzaileko kide izana zen eta gero espetxea eta deportazioa jasan zituen (Cabo Verden), borroka armatuari berriz heldu aurretik. «Bizkaia komandoko» burutzat jo zuen Poliziak.

Ekain Ruiz hernaniarrak 23 urte zituen. Jaioterria 1997an utzia zuen klandestinitatetik aritzeko.

Urko Gerrikagoitia eta Zigor Aranbarri, azkenik, 22 eta 23 urtekoak hurrenez hurren, Durangoko lagun talde berekoak ziren. Gazteon heriotzak guztiz ustekabean hartu zituen ordu batzuk lehenago beraiekin egonak ziren hurbilekoak.

30 kilo baino gehiagoko lehergailua nora eramaten ari ziren edo noren aurka erabili nahi zuten argitzeke gelditu zen, jakina. Hasierako egunetako nahastean, nahigabe edo agian nahita –ETAren barruan mugimenduak eragiteko asmoz–, izen-abizenen dantzak are jasangaitzagoa egin zuen senideen egonezina. Hildakoen artean neska bat zela aipatu zen hasieran, lehenik hildakoak hiru zirela eta gero lau, tartean beste bi ETAko kideren izenak hedatu ziren...

Gero, isiltasun astun batek estali zuen dena. Gatazka armatua emeki-emeki apaltzen joan zen, euskal erakundeak 2011n betirako indargabetu eta ETAk berak 2018an bere zikloa amaitzeko erabakia hartu zuen arte. Baina leherketa haren oihartzuna gaurdaino heltzen da, garai haien gogortasunaren lekukotasuna eman nahiko baligu bezala.