Asier AIESTARAN

Dena prest erremonteko Buruz Buruko Txapelketaren azken txanpari ekiteko

Juanenea eta Larrañagak jokatuko duten kanporaketak emango dio hasiera larunbat honetan Kutxabank Torneoa izena hartzen duen lehiaketaren azken faseari. Ansa II.a eta Goikoetxea V.a zain dira lehen ligaxkan; Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.a bigarrenean sartuko dira lehian.

Pilotariak, Galarretan egin den aurkezpen ekitaldian (Jon URBE / FOKU)
Pilotariak, Galarretan egin den aurkezpen ekitaldian (Jon URBE / FOKU)

Erremonteko Buruz Buruko Txapelketak, Kutxabank Torneoa izenpean, marraztu du jada txapela irabazi nahi duen pilotariarentzat bideorria. Aurreko asteetan "B taldea" deitu dioten multzoko kanporaketak jokatu dira eta fase horretako finalarekin ekingo dio Oriamendi 2010 enpresak lehiaketaren azken txanpari.

Final hori Juaneneak eta Larrañagak jokatuko dute larunbat honetan Galarretan, eta partida hori irabazten duena azken faseko lehen ligaxkan sartuko da. Ligaxka horretan zain daude Ansa II.a eta Goikoetxea V.a, eta hiru pilotarien artetik bakarra izango da lehiaketan aurrera egingo duena.

Izan ere, ondoren beste ligaxka bat etorriko da, lau pilotarik osatua, eta hor sartuko dira lehiaketan txapela irabazteko faborito nagusiak: Endika, Urriza eta Barrenetxea IV.a.

Hain zuzen ere, azken bi horiek dira finalean egoteko apustu guztietan agertzen direnak. Urrizak sei aldiz irabazi du urteko txapel garrantzitsuena, baina iaz Endika Barrenetxeak mendean hartu zuen finalean bere lehen txapela janzteko.

Aurtengoari dagokionez, ligaxkako pilotari onena zuzenean sartuko da finalean, azkena kanpoan geratuko da, eta bigarrenak kanporaketa bat jokatu beharko du hirugarrenaren aurka finaleko bigarren txartela jokoan dela.

Inoiz baino beranduago

Lehiaketaren berritasun nagusienetako bat egutegian dator, izan ere inoiz baino beranduago amaituko da aurtengo ekitaldia. Lehen ligaxkako demak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira; bigarren ligaxkakoak abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an; finalerdi itxurako kanporaketa irailaren 19an; eta finala irailaren 26an.

Partida guztiak ostegun eta larunbatetan jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala egingo da ligaxkatan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu; 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu batuko ditu; 24-26 tanto artean eginda puntu bakarra batuko da; 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko; eta 17tik bera eginda puntu bat kenduko da.

Buruz Buruko Txapelketaren 38. edizioa da aurtengoa eta 1986. urtetik urtero jokatu da. Lehenengo txapelduna Abrego izan zen 1944. urtean eta txapel gehien eskuratu dituena Koteto Ezkurra da, hamaika garaipenekin.