OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA

Herritik eta herriarentzat egindako jaiak aldarrikatu dituzte Donostian

Jai herrikoien aldeko manifestazioa egin dute eguerdi honetan Donostiako Piratek, egituraketa ofizialetatik aldentzen den eredua aldarrikatzeko. Jairik ez dagoen uda berezi honetan, herri mugimenduaren garrantzia goraipatu dute festen antolaketan. Egoera «aitzakiatzat» hartuta, debekuen bidetik kaleak ukatu zaizkiela kritikatu dute. Edonola ere, Txupin sinbolikoa jaurti dute Portaletasen eta astelehenean Trinitate plazan ‘Pirata setioa’ dinamika izango da.

Ezkila kapitaina eta Matti, txupina jaurtitzeko prest. (Gorka RUBIO I FOKU)
Ezkila kapitaina eta Matti, txupina jaurtitzeko prest. (Gorka RUBIO I FOKU)

Herrian antolatu eta ekin, eta herriari eman. Jai herrikoiak bertatik kozinatu, su txikian su handiaren grinaz. Beste eredu bat, egituraketa ofizialetatik aldenduta. Uda ezberdina da, dudarik gabe, ez festarik, ez jairik, ez horietan bizi ditugun une gogoangarriak. Eta akaso aldarria egiteko une aproposenetakoa bada, ez lokartzeko, ikustarazteko jai batzordeek, herri mugimenduek hortxe bertan segitzen dutela, lanean.

Donostiako Piratek manifestazioa antolatu dute larunbata honetan. Eguerdiko 12.00etan abiatu dira Gladys enea parketik eta kaiko sarrera den Portaletasera ailegatu bitartean, bidean beste kofradia batzuetako kideak jaso dituzte. Bide batez, ordu berean Teknikariok ikus-entzunezko sindikatuak antolatua zuen elkarretaratzetik ere pasa dira, beren babesa agertzeko. Izan ere, batak beste behar du. Gaur ziren hastekoak jaiak Donostian eta profesional hauek bete-betean behar lukete lanean, uda baita urteko sasoirik emankorrena; egoera, ordea, oso bestelako da.

«Zehazki Donostiako jai herrikoien alde, baina orokorrean eredu jakin baten aldeko aldarri bat egitera gatoz», adierazi du Txomin Campo Donostiako Piraten kideak. «Pandemia egoera honetan ez dugu ahaztu behar kulturaren eta beste mundu alternatibo baten aldeko jendea badagoela, erakundeen aldetik izan dugu nolabaiteko gora beheraren bat», onartu du. Hain zuzen, Aste Nagusia ez dagoela-eta, Donostiako Udalak abuzturako antolatu duen ekitaldi sortaz galdetuta, ez dute beren harridura ezkutatu. Segurtasun bermeetaz etengabe ari diren bitartean, «bapatean» oso egitarau zabala egin izanak sorpresaz hartu ditu. «Ez digu graziarik egin, baina ez dut gehiago esango», erantsi du.

Kaleen ukazioa

«Urte hau ez dugu inoiz ahaztuko. Osasun larrialdi baten erdian iritsi gara abuztura. Eta pandemia aitzakiatzat harturik, debeku eta inposaketen bidez ukatu nahi izan dizkigute gure kaleak. Auzoetako jaiak bertan behera utzi ditu Udalak, auzoetako jai batzordeei alternatibak lantzeko aukerarik utzi gabe. Eta Piratok ere oztopo asko jasan ditugu, aurten ere, gure egitaraua gauzatu ahal izateko», adierazi dute.

Ordea, osasun baldintzak bermatuz, kalean egoteko eta espazioak sortzeko premia «inoiz baino handiagoa» dela aldarrikatu dute. «Donostia abordatzen jarraituko dugu, eta hiriko jai batzorde, herri mugimendu eta eragileak bidelagun izango ditugu bai aurten eta baita etorkizunean ere. Gaur jai batzordeen lana eskertu eta aldarrikatu nahi dugu, interes ekonomiko eta turistikoen gainetik, jaiak herritik eta herriarentzat izatea nahi dugulako».

Dendari eta tabernariei esker ona

Eta urteroko jai moldeak ez badaude ere, ohiturei eutsi diote. Urtero legez pertsona edo kolektibo berezi batek gorpuzten du Matti pertsonaia; aurtengo honetan garai zailak pasatzen ari diren «gure tabernei» keinu bat egin nahi izan diete. «2003an Donostia abordatzeari ekin genionetik, hasiera-hasieratik gure aldamenean eduki ditugulako», eskertu dute.

Gaur egun Grosen Pandora taberna, eta lehenago Rekalde taberna zeraman Agusek NAIZi adierazi dioenez, «adin bat dugunok gogoratuko gara saiakera batzuk egon zirela festak beste modu batean egiteko. Ezinezkoa zirudien Donostian halako jai batzuk antolatzea, baina ekinez egin dugu, lortu dugu».

«Orain dela hamazazpi urte ero batzuek abentura honi hasiera eman zioten, eta sinetsi zuten Donostian jai herrikoi eta parte hartzaileak antolatzea posible zela. Eta kasu hauetan egiten den bezala, bolondres lanaz gain, denda txiki eta tabernariengana jo zuten. Omenduko gaituzte hastapenetan jaien laguntzaileak izan ginelako, eta pozez hartzen dugu errekonozimendu hau», aitortu du, eskertuta, Matti pertsonaiaren azalean sartuta.

Huts egin zuten saiakera haiek gogoratuta, gazte olatu berri hura ailegatu zenean auzoko denda txiki eta tabernen ateak joaz… «Nola esango genien ezetz? –oroitu du–. Bizipoza eman diote Aste Nagusiari eta urte hauetan guztietan lortu dena handia da. Beti auzolanean oinarrituta baina urtetik urtera balio berriak gehituz, eta horrek isla izan du bizitzaren beste esparru batzuetan, esaterako konfinamendu garaian behar handienak zituzten pertsonak laguntzeko auzoz auzo antolatu dira zaintza taldeak. Antolakuntza eredu honen emaitza izan da».

Testuinguru berezi honetan arduratsu jokatzea dagokigu eta hala egingo dutela berretsi du, baina hots, diote horrek ez duela esan nahi «gure ametsak eta aldarrikapenak kajoi batean sartuko ditugunik. Astelehenan Flamenkara aterako gara, aldarrikatuko dugu jai eredu hau, dela nolabait dela guk amesten dugun hiriaren ereduaren isla».