Covid-19aren aurkako txertoa urte amaierarako erabilgarri egon daitekeela uste du EBk

Stella Kiriakides Europar Batasuneko Osasun komisarioak igande honetan adierazi duenez, covid-19ren aurkako txertoa, urte amaierarako prest egon daiteke. Bestalde, hainbat estatutan berragerpen kopurua gero eta handiagoa dela ohartarazi du komisarioak.

NAIZ|09/08/2020
Captura_de_pantalla_2020-08-09_a_las_18.07.10
Erizain batek koronabirusaren aurkako txerto posible bat ikusten. (Silvio AVILA/AFP).

Covid-19aren aurkako txertoa urte amaierarako erabilgarri egon daitekeela adierazi du Stella Kiriakides Europar Batasuneko Osasun komisarioak igande honetan.

«Iragarpenak egitea une honetan arriskutsua bada ere, adierazle on batzuk ditugu hasierako txerto bat urte honen amaierarako edo datorren urtearen hasierarako eskuragarri egon daitekeela esateko», adierazi dio komisarioak Handelsblatt egunkari alemaniarrari.

Kiriakidesek ohartarazi duenez, «txerto batek ez ditu arazo guztiak behin bakarrik konponduko», baina normaltasunera pixkanaka itzultzea ahalbidetuko luke, baldin eta «herritarren masa kritikoa txertatzen bada, batez ere arrisku taldeetan daudenak».

Zientzialariek aldiz ez dute argi noiz egon litekeen eskuragarri txertoa, izan ere, garapen prozesuak urteak beharko lituzke edo, teorian, ezinezkoa izan liteke.

Bestalde, Europar Batasuneko hainbat estatutan berragerpen kopurua gero eta handiagoa dela ohartarazi du komisarioak.

Horren harira, gobernuei dei egin die «infekzio iturria tokian-tokian berehala isolatzeko, probak eginez, kontaktuak bilatuz eta kaltetuak berehala isolatuz».

Koronabiruseko 19,4 milioi kasu baino gehiago eman dira dagoeneko mundu osan. Ameriketako Estatu Batuek 5.000.603 infekzio erregistratu dituzte orotara, Johns Hopkins Unibertsitatearen zenbaketaren arabera. Munduko herrialderik kaltetuena da, Brasil eta Indiarekin batera.

INFOS ASSOCIÉES