ASIER AIESTARAN

Elezkano II-Mariezkurrena aise nagusitu dira azken sailkatuen arteko neurketan

Caixabank Mastersaren lehen itzulia partida bat bera ere irabazi gabe amaitu duten Urrutikoetxea eta Irribarria 8-22 menderatu dituzte Diman, 37 minutu besterik iraun ez dituen norgehiagoka tristean.

Danel Elezkano eroso aritu da errematean (FOKU)
Danel Elezkano eroso aritu da errematean (FOKU)

Diman amaitu da Caixabank Mastersaren lehen itzulia, eta bukaera eman dion neurketa oso berezia izan da: orain artean partida bakar bat ere irabazi gabe zeuden Urrutikoetxea-Irribarria eta Elezkano-Mariezkurrena (Aretxabaletaren ordezkoa) bikoteen artekoa.

Zoritxarrez, neurketa ez da batere ona izan eta Elezkano-Mariezkurrenak oso erraz irabazi dute: 8-22, 37 minutuko iraupena izan duen dema tristean.

Danel Elezkano izan da gaur laukoteko pilotari onena. Zaratamokoak nahi duen guztia egin du aurreko koadroetan eta bere zenbakiek argi erakusten dute hori: 13 tanto jokoan eginak eta beste hiru sakez. Mariezkurrenak ere ongi lagundu dio.

Aldiz, Urrutikoetxeak eta Irribarriak oso irudi kezkagarria utzi dute Diman. Jakina zen Aramakoari kosta egingo zitzaiola atzelari postura egokitzea, baina gipuzkoarra oso pattal aritu da eta Urrutikoetxeak ere ez dio batere lagundu.

Neurketaren laburpenak ez du askoz lerro gehiago merezi. Gorriak 4-1 aurreratu dira, baina urdinek azkar eman diote buelta markagailuari zortzi tantoko partzial batekin, 4-9 aurreratu eta egoera erabat aldatzeko.

Irribarriaren pilotakada solteren bat kenduta, urdinak erraz nagusitzen ziren piloteoan eta Elezkanok mota guztietako erremateak egin ditu. Azkenean Mariezkurrena bera ere animatu da eta ormabikoz tanto bat eginda joan da etxera.

Gauzak horrela, eta bigarren itzulia igande honetan bertan hasten dela jakinda, hauxe da sailkapena lehen itzuliaren amaieran:

1. Artola-Rezusta 6 p.

2. Altuna III-Imaz 5 p.

3. Bengoetxea VI-Martija 5 p.

4. Olaizola II-Zabaleta 4 p.

5. Ezkurdia-Aranguren 4 p.

6. Jaka-Albisu 3 p.

7. Elezkano-Aretxabaleta 1 p.

8. Urrutikoetxea-Irribarria 0 p.