NAIZ
IRUÑEA

Nafarroako Ospitale Guneak arrakastaz ezarri du 3D ereduan oinarritutako aorta protesi bat

Diziplina anitzeko talde batek arrakastaz ezarri du pazientearentzat pertsonalizatutako arteria-protesi bat, 3Dn inprimatutako eredu batean oinarrituta.

Artatutako pazientearen aortaren 3D inpresioak, osasuntsu ezkerrean eta aneurismarekin eskuinean. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Artatutako pazientearen aortaren 3D inpresioak, osasuntsu ezkerrean eta aneurismarekin eskuinean. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Interbentzioarekin aneurisma bat tratatu da, odol-hodi baten dilatazio patologiko bat, Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez. Bertan adierazten denez, duela hamarkada batzuetatik hona, aorta barrutik «forratzea» da patologia horren tratamendua, arteria femorala iztartetik igarotzen deneko puntu bat sarbide gisa baliatuta. 

Roberto Centeno Angiologia eta Kirurgia Baskularreko Zerbitzuko buruaren arabera, «teknika hau erabiltzeak nabarmen murrizten du hilkortasuna infekzio kasuetan. Era berean, konfort handiagoa ematen du, eta mina eta estresa murrizten die ebakuntza egin zaien pazienteei, eta ebakuntza osteko eta errekuperazio prozesu azkarragoa du».

Centenok duenez, kasu honetan, pazientea sabeleko min-koadro zehaztugabe batekin hasi zen, eta hainbat aldiz kontsultatu zuen Larrialdi Zerbitzuan. Proba guztiak normalak izan arren, egiaztatu zen aorta bat-batean hazi egin zela hilabeteko epean eginiko bi eskanerretan. Hazkunde hain azkarrak aorta hausteko arrisku handia adierazten du, eta, beraz, premiazko tratamendua nahitaezkoa da.

Aneurismak funtsezko arteria biszeralen inplikazioa duen aorta-segmentu bati eragiten dionean, plangintza bat egin behar da paziente bakoitzarentzat neurrira protesi bat egiteko. Protesi horiek berariazko diametroak eta ‘zulo’ batzuk izan behar dituzte (fenestrazio izenez ezagutzen direnak), odola hodi nagusietara atera ahal izateko.

Fenestrazio horien kokapena espezifikoa da paziente bakoitzarentzat; beraz, ezin da aorta-protesi estandar batekin tratatu.

«Baldintza normaletan, aneurismak kronikoak dira. Horri esker, protesiaren plangintza zehatza egin dezakegu. Prozesua Londresen dagoen plangintza-zentro batekin batera egiten da, eta ondoren fabrikazioa Australian egiten da. Prozesu osoak sei aste inguru behar izaten ditu», zehaztu du ebakuntza zuzendu duen zirujau baskularrak, Sebastian Fernandezek.

«Pazienteak konplikazio arriskua zuenez, sei asteak gehiegizkoak ziren, eta guk geuk pertsonalizatu genuen protesia. Zailtasun nagusia arterien fenestrazioak leku egokian egitea zen. Milimetro gutxi batzuetako akatsak gaixoa dialisian geratzea edo heriotza ekar lezake», aitortu du.

Horregatik, Sara Lizarbe eta Jose Manuel Alves ingeniari biomedikoekin elkarlanean, taldeak pazientearen aortaren tamaina errealeko 3D inprimaketa planteatu zuen.

Emandako ereduarekin protesi estandar bat egokitu daiteke (ia berehala eskura daiteke), leku espezifikoan ‘zuloak’ eginez.

Egokitzapen lanak Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean hilabete batzuk lehenago erabili zuten teknika beretsuarekin egin dituzte.

Protesia pazientearen aortan ezartzen denez, inprimatutako aorta-ereduak protesi horrekin duen kontaktua modu aseptikoan egin behar da. Ezinbestekoa da aorta-eredu inprimatua esterilizatzea. Protesiaren pertsonalizazioa pazientea ebakuntza-gelara pasatu aurretik egiten da, protesiaren inplantea justu ondoren egin behar baita.

Anestesia eta Zainketa Intentsiboetako Unitatea bezalako beste zerbitzu batzuekin batera lan egitea oso garrantzitsua da patologia konplexuetan emaitza onak lortzeko.

Nafarroako Ospitale Guneko Angiologia eta Kirurgia Baskularreko Zerbitzuak eskarmentu handia du aortako patologia konplexuaren tratamenduan, neurrira egindako protesiekin. Gaur egun, patologia horren puntako zerbitzuetako bat da.