Amalur ARTOLA

Oroimenaren ahulezia eta ezkerraren ajeak, Asel Luzarragaren ‘Bahiketa’-n

Gizartearen ziurtasunetan arrakalak sortzea da Asel Luzarragaren literaturgintzaren zioa eta, hala, ‘Bahiketa’ (Txalaparta) eleberriak hazkura eragingo dio irakurleari. Oroitzen ditugunetatik zer den egia eta zer ez gogoetatu beharko du bi pertsonaien arrastotik: desagertua da bata, eta bigarrenaren oroimenak egiatik zer duen igarri beharko du.

Asel Luzarraga, gaur Donostian. (Jon URBE | FOKU)
Asel Luzarraga, gaur Donostian. (Jon URBE | FOKU)

«Gure ziurtasunak ziurgabe bihurtzea gustatzen zait, zalantza sortzea, gure buruagaz zintzo izaten saiatzen garenean noraino gauden seguru ikustea». Hitz horiekin laburbildu du Asel Luzarragak bere literaturgintzaren zioa eta, Txalapartarekin argitaratu berri duen ‘Bahiketa’ eleberrian ere, irakurleari hazkura eragin nahi izan diola berretsi du. 

Eleberriaren muina 2012an Buenos Airesera egindako bidaia batean etorri zitzaiola kontatu du: «Lagun psikologo batzuen etxean nengoen eta gau batean porro bana egin genuen. Oso bidaia txarra eduki nuen, denbora-espazioaren haustura etabar». Egun horietan Orhan Pamuk-en ‘Liburu beltza’ irakurtzen ari zen, eta esperientzia batak bestera eramanda, bahiketa bat irudikatzearen ideia sortu zitzaion. Baina ez edonolako bahiketa, irakurleak argitu beharko duen ekuazioa honakoa baita: zer da, zehazki, baituta dagoena?

Bi protagonista ditu eleberriak. Batetik, Edu, marxista eta Buenos Airesko ‘La Hoz’ egunkari fiktizioan lan egiten duena, eta bestetik Matxin, anarkista, argitalpenerako artikuluak idazten dituena. 90ean Euskal Herritik ihes eginda iritsi ziren Argentinako hiriburura biak, eta ordutik lagun minak izan dira, baita maitaleak ere. Baina egun batean Matxin desagertu egingo da, inork nola ez dakiela.

Eleberrian zehar, irakurleak Edu pertsonaiaren oroimena izango du inkognita argitzeko akuilu. «Eduren buruan joan etorri bitxiak daude, ez da fidagarria, eta irakurleak ebatzi beharko du zer den asmatua eta zer egia, zehaztu du Luzarragak.

Idazlearen hitzetan, gizakion memoria ahula da. «Askotan nahasten ditugu gure oroitzapenak pentsatu edo amestu ditugun gauzekin, baditugu gure oroitzapen faltsuak». Eta eleberriaren izenburuarekin (‘Bahiketa’) jolas bat badagoela azaldu du, «nor, zer dagoen bahituta ere badelako gaia, zentsura, elkarren arteko traizioak, jakin arren ez dakizkigula esaten ditugun gauzak, gure buruari egiten dizkiogun tranpak». Hala, nor-zer dagoen bahituta interpretatu beharko du irakurleak: «Liburua zabalik uzten dut, irakurleak horko egiak interpretatzeko».

Pertsonaien eraikuntza ere zaindu du. Azaldu duenez, Erich Fromm-en ‘Askatasunaren beldurra’-n dago Edu ulertzeko gakoetako bat: «Izaera autoritarioa gizaki modernoak ezerezari ihes egiteko bilatzen duen bide bat dela dio, sadomasokismoarekin lotzen duena. Eduk badu hortik, jarrera sadiko edo menderatzailea du, Matxin mendean eduki nahi du, baina aldi berean mendeko ere sentitu nahi du».

Auto-gorroto ezkertiarra

Ezker garaikideari kritika egiteko ere erabili du eleberria, «lehenengo munduko ezkerrean auto-gorrotoa oso zabaldua baitago: ez gaude gure ideien mailan eta gure burua zigortzen dugu horregatik». Adibide moduan, eleberriko ‘La Hoz’ egunkariko lantaldeak bere burua «oso feministatzat» badu ere «denak gizonak» direla aipatu du. «Dialektika horretan kontraesan horiez ere ari naiz».

Azkenik, Buenos Aires eszenatoki izateaz gainera «hirugarren pertsonaia» ere badela nabarmendu du idazleak –«Edorta Jimenezek esan zidan usaindu egin duela Buenos Aires»–, nahiz eta eleberrian zehar beste hiri batzuk ere aipatzen diren, tartean Donostia. «Zirikatzea gustatzen zait. Gentrifikazioa, paisaiaren eraldatzea edo deserrotzeaz hitz egiten da, zelako Donostia topatuko lukeen itzuliko balitz».