Jon Ormazabal

Masterseko finalerdietan izango diren lau bikoteak aste honetan bertan erabaki ahal dira

Altuna-Imaz, Olaizola-Zabaleta eta Bengoetxea VI-Martija bikoteek euren partidak irabazi eta Ezkurdia-Arangurenek galduko balute, azken jardunaldia soberan izango litzateke.

Jaka-Albisu eta Ezkurdia-Aranguren bikoteek ez dituzte gauzak euren esku. (Iñigo URIZ/FOKU)
Jaka-Albisu eta Ezkurdia-Aranguren bikoteek ez dituzte gauzak euren esku. (Iñigo URIZ/FOKU)

Oraingoz bi gauza baino ez dira argitu EPELen uda arraro hau beteko duen Masters txapelketan, aspalditik gainera, Artola-Rezusta finalerdietan izango direla eta Elezkano-Aretxabaleta eta Urrutikoetxea-Irribarria bikoteek ez daukatela aurrera egiteko inolako aukerarik. Hortik aurrera, gainerako bost bikoteen artean banatuko dira jokoan dauden hiru txartelak. Hori bai, orain arte hamabi astetan zehar bizirik mantendu den emozio guztia asteburu honetan bertan amaitu daiteke, azken jardunaldiko lau partidak ia edukirik gabe utziz.

Horretarako, oso posiblea izan daitekeen emaitza multzo bat eman beharko litzateke ostiralean Gautegiz-Arteagan hasi eta astelehenean Villamediana de Ireguan amaituko den jardunaldi honetan; Olaizola-Zabaleta (Jaka-Albisuren aurka), Altuna-Imaz (Urrutikoetxea-Irribarriaren aurka) eta Bengoetxea VI-Martija (Elezkano-Aretxabaletaren aurka) bikoteek euren partidak irabazi beharko lituzkete eta Ezkurdia-Arangurenek PeñaII.a-Rezustaren aurka eurena galtzea. Kasu horretan, arbizuarrak eta Aginagakoak ezingo lituzkete beste hiru bikoteak harrapatu, Bengoetxea VI.a-Martijaren aurkako bi partidak galduta, elkarren arteko berdinketa bikote nafarraren aldekoa delako.

Elkarren arteko partidak

Eta gauzak horren estu izanda, sailkapenean zazpi punturekin hirugarren tokian ikusten baditugu ere, Olaizola II.a-Zabaleta dira gauzak errazen dituztenak. Ostiralean garaipena behar beharrezkoa duten Jaka-Albisuri irabazten badiete, gauzak normal Lizartzakoa itzuliko da lesioa gaindituta, barruan izango dira. Izan ere, euren arteko berdinketarik emango balitz, jokatutako bi partidak irabazi baitizkiete Altuna-Imaz eta Bengoetxea-Martijari. Beste bi bikoteekin partida bat jokatzea geratzen zaie, Jaka-Albisuren aurka 22-18 irabazi zuten aurrenekoan eta Ezkurdia-Aranguren dira norgehiagoka zuzen hauetan, momentuz bada ere, tanto kopurua alde izango luketen bakarrak, lehen itzulian 17-22 irabazi baitzieten Getarian.

Aurrekoek bezala, Altuna-Imazek ere oso ongi bideratuta dituzte gauzak eta posible da geratzen zaizkien bi partidak galduta ere barruan izatea. Baina hobe dute, badaezpada, larunbatean Igorren Urrutikoetxea-Irribarriaren aurkako partida irabaztea. Izan ere, azken partidan hortxe borrokan diren Bengoetxea-Martijaren aurka jokatu behar dute eta. Hori bai, zer gerta ere, bikote gipuzkoarrak badu abantailatxo bat, lehen itzuliko partidan 22-16 irabazi zuten eta.

Elkarren arteko bi partidak irabazita, Bengoetxea-Martija bikoak nahikoa luke, printzipioz, azken bi partida hauetan Ezkurdia-Arangurenek lortutako emaitzak berdintzearekin eta astelehenean gauzak oso bideratuta uzteko aukera paregabea dute jokoan ezer ez duten Elezkano-Aretxabaletaren aurka Villamediana de Ireguan.

Atzo Ziordian bizirik irauteko ezinbesteko garaipena eskuratu bazuten ere, egutegiak ez die askorik lagunduko Ezkurdia-Arangureni azken bi asteetan. Igandean Tolosan Peña-Rezusta liderren aurka jokatu beharko dute eta azken jardunaldian Olaizola-Zabaletaren aurka. Gainontzekoen emaitzen arabera, oso posible da bi puntuak beharrezkoak izatea aurrera egiteko.

Momentuz, espekulatzeko batere aukerarik ez dutenak Jaka-Albisu dira, euren bi partidak irabazi behar dituzte, Olaizola-Zabaleta eta Artola-Rezustaren aurka, eta aurrekoen akatsak itxaron. Nafarrei euren arteko bi partidak irabaziko lizkiekete kasu horretan eta Altuna-Imazen aurkako puntu berdinketetan ere garaile irtengo lirateke.