NAIZ

Udazkenaren atarian jokatuko da Bizkaiko Udabarria Bertsotan

Datorren asteko asteazkenean, irailaren 16an, hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Maiatzean jokatzekoa zen baina egoerak behartuta orain izango da Udabarria Bertsotan; segurtasun neurriak bermatuko dira.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2020rako baliagarria izango da Udabarria Bertsotan sailkapen fasea. (BERTSOZALE ELKARTEA)
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2020rako baliagarria izango da Udabarria Bertsotan sailkapen fasea. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Udazkenaren atarian jokatuko da Udabarria Bertsotan 2020. Maiatzean egin behar zen, baina egoera berezia da aurtengoa eta irailean jokatuko da azkenean.

Udabarria Bertsotan sailkapen fasean 60 bertsolarik eman dute izena. Aipatzekoa da Bizkaiko eskualde guztiek daukatela ordezkaritza. Kopuru hori kontuan hartuta, hamar saio egongo dira fase honetan, sei bertsolarikoak. Fase honetatik puntuazioz sailkatuko dira bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.

Aldaketak egongo dira aurten egituran; sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira. Egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. Horrela, bost egunetan egingo dira hamar saioak. Saio guztiak izango dira 18.30ean.

Datorren astean, irailak 16an, Orozkoko Donibane aretoan, A multzoko bertsolari hauek izango dira; Aitor Ruiz Urizar (Lekeitio), Asier Alcedo Cano (Portugalete), Asier Galarza Garai (Muxika), Iker Garitagoitia Astigarraga (Arrigorriaga), Jontxu Martinez Zarrabeitia (Usansolo) eta Joseba Barandiaran Andueza (Bilbo).

Eta B Multzokoak Lekeitioko Azkue aretoan dute hitzordua; Eneko Arrate Sololuze (Markina-Xemein), Garikoitz Sarriugarte Onaindia (Zaldibar), Inazio Vidal Gurrutxaga (Leioa), Jokin Castaños Gonzalez (Galdames), Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo) eta Peru de Pedro Larrea (Gorliz).

Hurrengo hitzorduak irailak 17ean (Getxoko eta Busturian), 18an (Markina-Xemein eta Berangon), 23an (Muxika eta Berrizen) eta 24an (Zalla eta Derion) finkatu dira.

Segurtasun neurriak ahalik gehien errespetatzeko asmoz, sailkapen faseko sarrerak Internet bidez lortu ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus web orrialdean irailaren 10etik aurrera. Kontuan izan behar da leku batzuetako aforoak oso mugatuak direla, beraz, arin agortzeko arriskua dagoela. Prezioa: 3 euro; bazkideek, 2 euro; 16 urtetik beherakoek, doan.

Segurtasun neurriak

Covid-19a dela eta, indarrean dauden segurtasun neurri guztiak errespetatuko ditu antolakuntzak, denon osasuna bermatze aldera. Esaterako, ezingo dira musukoak kendu ez saioan zehar, ez aurretik, ezta ondoren ere, eta ezingo dira aulkiak lekutik mugitu, ezta pertsonak lekuz aldatu ere.

Saio ostean aulkiak ez jasotzeko eskatuko da.