Jon Ormazabal

Masterseko finala Bilbon jokatuko da azkenean irailaren 27an eta finalerdiak Logroñon

Leku aldaketa Errioxako Gobernuak osasun irizpideak zorroztu ostean heldu da eta Bizkaia pilotalekuan 600 ikusle sartu ahal izango lirateke, Adarragan 200 inguru izango liratekeen bitartean.

Jaka-Albisuk gaurko partida irabazi beharra dute Bilboko finalean egon nahi badute. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Jaka-Albisuk gaurko partida irabazi beharra dute Bilboko finalean egon nahi badute. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Caixabank Masterseko finala Bilbon jokatuko da azkenean, irailaren 27an, eta ez  Logroñoko Adarragan, hasiera batean pentsatu bezala. Finalerdiak bai, Errioxako hiriburuan jokatuko dira, printzipioz sanmateotako feriarako gordetako datetan.

Erabaki honen atzean Errioxako Gobernuak azken egunetan zehaztutako segurtasun neurriak daude. Izan ere, orain arteko legediarekin pilotalekuaren %75a erabil zitekeen, 1.000 pertsonako topearekin, baina azken egunetako kasuen gehitzearekin batera, araudia zorroztu eta gehienezko edukiera hori %50era murriztu dute eta gainera ikusleen artean metro eta erdiko tartea mantendu behar denez, pilotalekuaren edukiera 200 pertsona ingurura murriztu beharko lukete.

Aspe eta Baikorentzat 200 ikusleen muga hori ez litzateke nahikoa finala bertan jokatzeko eta Bilboren aldeko apustua egin dute, oraintxe bertan ikuslerik gehien sartzeko aukera ematen dien instalakuntza, gaur egungo EAEko legediarekin 600 ikusle. Finalerdietarako, ordea, ontzat eman dute 200 sarreratako Adarragako muga hori eta finalerdiak Logroñon jokatuko dira, irailaren 21 (astelehena) eta 25an (ostiralez), justu ETB-ek pilotarako gordetako egunetan.

Zalantzak Ziordian

Erabaki hau Ziordian astelehenean izandako arazoen ostean dator. Enpresek, kasu honetan Baikok, protokolo guztiak bete zituztela dioten arren, ez dago garbi asteleheneko jaialdian segurtasun neurri guztiak bete zirenik eta Nafarroako Kirolaren Institutua informazioa biltzen ari da, bertan bete izan ahal izan ziren irregulartasunen inguruan.