Jon Ormazabal

Olaizola-Zabaleta finalerdietan dira eta ia lekurik gabe utzi dituzte Jaka-Albisu (22-16)

Bikote nafarra sendoago aritu da atzelariek ikaragarri jokatu duten gorabehera handiko partida batean.

Jose Javier Zabaletak beste partida borobil bat jokatu du. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Jose Javier Zabaletak beste partida borobil bat jokatu du. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Txapelketa pixkanaka argitzen ari da eta Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaleta izango dira, Artola eta Rezustarekin batera, Logroñoko Adarragan jokatuko diren Masterseko finalerdietako bi, aukerarik gabe utzi dituzten Jaka-Albisuri Gautegiz-Arteagan 22-16 irabazita. Partidak gorabehera dezente izan baditu ere, gorriak ia lehia osoan aurretik joan dira eta bikote sendoagoa osatu dutenez, eurentzat izan da bikote gipuzkoarrarentzat hil ala bizikoa zen puntua.

Normalean txalo eta titular gehienak aurrelariek eramaten badituzte ere, gaurkoan bi atzelariak, Zabaleta eta Albisu izan dira eguneko protagonista, jotzeaz gaindi, kantxa asko bete eta defentsan ere bikain arituta. Azkenerako, momentu ezin hobean den etxarrendarra nagusitu dela esan daiteke, batez ere ataundarrak momenturik txarrenetan zenbait akats pilatu dituelako. Gaur ia kanpoan geratu den arren, horixe da hiru asteren buruan kantxetara itzuli den Erik Jakarentzat albisterik onena, atzelari nafarra maila hori mantentzeko gai bada, Binakakoan euren aukerak asko handitzen baitira.

Partida inolako minik gabe amaitu du lizartzarrak eta, puntua lortu ezinda, horixe zen gaurko helburu nagusia, nahiz eta aurrelariak bere burua kantxan motel antzean sumatu duen une batzuetan.

 

Gehienean aurretik

Partida hasiera azkar batean, pixkanaka izan bada ere, gorriak alde polita eskuratu dute lehen atsedenaldiaren aurretik (12-7 eta 13-7 izatera ere heldu da). Hasieran kantxan deseroso sumatu dugun arren, ezker gantxoak ez dio ohi bezala funtzionatu Olaizola II.ari, txokoan min egin du goizuetarrak eta Zabaletak apenas galdu du pilotarik.

Baina Jon Ander Albisu ere ez zegoen ezer oparitzeko eta Jakak ondo lagunduta, ondo erantzun dute gipuzkoarrek, Lizartzakoak txokoan egindako tanto on bati esker markagailuan aurre egiteraino (13-14).

Olaizola II.ak botika berarekin erantzun die hurrengo tantoan eta pilota biziago bat jokoan jarriz, berriz ere zuloa irekitzea lortu dute nafarrek. Une erabakigarri horretan, sendoago aritu dira gorriak, Olaizola-Zabaletak egin ez dituzten hutsak pilatu dituzte gipuzkoarrek eta ihes egin die horren beharrezkoa zuten puntuak.

 

Fitxa teknikoa:
Olaizola-Zabaleta: 22
Jaka-Albisu: 16


Pilotakadak: 556. Iraupena: 61,50 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-3, 6-3, 6-4, 8-4, 8-5, 9-5, 9-7, 13-7, 13-14, 19-14, 19-15, 20-15, 20-16, 22-16. Sakeak: 2 Olaizola II.ak eta 0 Jakak. Tantoak: 10 Olaizola II.ak, 2 Zabaletak, 7 Jakak eta 2 Albisuk. Hutsak: 5 Olaizola II.ak, 2 Zabaletak, 5 Jakak eta 4 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera polita Gautegiz-Arteagako pilotalekuan.