Jon Ormazabal

Artola-Rezusta, Masterseko lehen zati luze honetako onenak, zenbakiez harago

Bikote gipuzkoarrak ez die aukerarik eman Ezkurdia-Arangureni (9-22) eta Bengoetxea VI.a-Martija ere finalerdietan egongo dira bihar Elezkano-Aretxabaletari irabazteko gai badira.

Beste behin ere, Rezustak partida borobila jokatu du. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Beste behin ere, Rezustak partida borobila jokatu du. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Hamahiru asteren ondoren, gauzak nahiko argitu dira uda arraro hau bete duen Mastersean eta finalerdietan izango diren lau bikoteen izenak bihar erabakita gera litezke Oinatz Bengoetxea eta Martija Elezkano-Aretxabaletari Villamedianan irabazteko gai badira. Euren artean nola gurutzatuko diren eta finalerdi bakoitza noiz izango den jakitea faltako litzaiguke –finala prestatzeko 6 egun edo 2 izateak ez dirudi egokiena baina hala dago antolatua–, baina inork ez du zalantzan jarriko Artola-Rezusta izan direla lehen fase luze honetako bikoterik onena eta sendoena.

Izan ere, gaurko Tolosako partida ez baita salbuespena izan bikote gipuzkoarraren udako ibilbide honetan. Elkarrekin apenas jokatu gabeak baziren ere, elkar oso ondo hartu dute alegiarrak eta bergararrak, une guztietan nola jokatu jakin izan dute eta, jardunaldi baten faltan, gerora inolako erraztasunik emango ez dien lehen postua ziurtatu dute.

Pilotazaleen artean pilotaririk onena zein izan den galdetuko bagenu ere, zalantza handirik gabe, Beñat Rezustak jasoko lituzke botorik gehien. Azken Binakakoan une txar bat pasa bazuen ere, gaurko 4-9koan botatako dejada eta lau tanto geroago boleaz amaitu duen tantoa ikustea besterik ez dago atzelariak bere jokoan berreskuratu duen konfiantzaz jabetzeko; jo, agindu, defendatu, arrimatu... eta tantoak amaitu, dena ondo egiten ari da eta Rezusta hala dela, gutxi dira berari aurre egin diezaioketen atzelariak.

Artola, eraginkor

Gainera, aste betez etxean bakarturik isolatuta egon ostean kantxetara itzuli den Iñaki Artolak oso ondo lagundu dio, izan zitzakeen zalantzak lehen pilotakadarekin uxatuz. Bezperan Igorren gertatu bezala, partida hasiera-hasieran lehertu da, 7-0eko partzial batekin. Ezkurdia eta Arangureni asko kosta zaie partidan sartzea eta, ia ohartzerako lau tantu oparitu dizkiete aurkariei.

Kontua da, atzo Altuna-Imazek ez bezala, partida eta tanto bakoitzaren agintea Artola eta Rezustarena izan dela uneoro eta Ezkurdia-Arangurenek ezer gutxi egin ahal izan dute. Beti gaindituta eta jokoan sartzeko aukera gutxirekin, Joseba Ezkurdiak ez du bere egunik onena izan eta Aitor Arangurenek ere bere ibilbide motzean gutxitan sufritu du gaurkoan bezainbeste parean zuen bikotearen joaren aurrean. Gauzak horrela, mami gutxiko partida izan da gaurko Tolosakoa eta arbizuarrari eta Aginagakoari oso zail jarri zaizkie finalerdietan egoteko aukerak.

Atsedena Urrutikoetxearentzat

Baikok jakitera eman duenez, Mikel Urrutikoetxeak atseden hartu beharko du datozen egunetan atzo Igorren buruan jaso zuen kolpearen ostean. Partida amaitu eta berehala Galdakaoko erietxera joan zen bertan zenbait proba egiteko eta atzotik etxean da atseden hartzen.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Aranguren: 9
Artola-Rezusta: 22

Pilotakadak: 447. Iraupena: 58,59 minutu. Markagailua: 0-7, 3-7, 3-8, 4-8, 4-15, 7-15, 7-17, 8-17, 8-18, 9-18, 9-22. Sakeak: 1 Artolak. Tantoak: 3 Ezkurdiak, 1 Arangurenek, 9 Artolak eta 2 Rezustak. Hutsak: 5 Ezkurdiak, 5 Arangurenek, 3 Artolak eta 2 Rezustak. Gorabeherak: 200 zale inguru Tolosako Beotibar pilotalekuan.