NAIZ
GASTEIZ

Gehiengo sindikala errespetatzeko eskatu dio ELAk Idoia Mendiari

ELA sindikatuaren ordezkaritza bat Idoia Mendia Lakuako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiarekin bildu da gaur. ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikala errespetatzeko eskatu dio eta covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko 24 proposamen helarazi dizkio.

ELAko ordezkariak, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan sailburuarekin. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
ELAko ordezkariak, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan sailburuarekin. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Mitxel Lakunza idazkari nagusia buru zuen ordezkaritza bat Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuarekin bildu da gaur goizean, lehendakariordeak eragile ekonomikoekin hasi duen errondaren baitan.

Bileraren ondoren ELAk ohar batean azaldu duenez, hainbat proposamen helarazi dizkiote Mendiari, baita Lakuan bere kargu berriari dagozkion eskaerak ere. Sindikatuak, hala ere, ez du aurrerapenik ikusi «parte-hartze instituzionaleko organoen demokratizazioan, ezta orain arte ezagutu ditugun politikak aldatzeko bokaziorik ere».

Hala, Lakuak egin duen elkarrizketa sozialeko mahaiaren aldeko apustua, «erabakiak hartzeko sistema antodemokratiko batekin; CCOOk eta UGTk ordezkaritzaren %29a baino ez dute» eta «ezagutzen dugun akordio programatikoa ez dira hasiera ona» ELAren iritziz. Sindikatuak dioenez, mahai honek helburu «bakarra» du: «elkarrizketa sozial faltsu baten irudia helaraztea, gehiengo sindikalak (ELA eta LAB, %60a) planteatzen dituen aldaketa sakonen aldarrikapenei jaramonik ez egiteko».

ELAk dio du prest dagoela akordioak lortzeko gai garrantzitsuetan, hala nola enpleguan, prestakuntzan, gizarte-prestazioetan, lan-osasunean eta abarretan, baina «argi eta garbi» adierazi dio Mendiari bide berriak irekitzeko ezinbestekoa dela bi gairi aurre egitea: «arau demokratikoak berrikustea eta bermatzea, sindikatu bakoitzaren ordezkaritza errespeta dadin eta patronalak beto ahalmena izan ez dezan», eta Lakuaren politikak «sakon aldatzea: lan munduko larrialdiek aurrekontu konpromiso handia eskatzen dute, gaur egun, are gehiago».

Horrekin batera, 24 proposamen zehatz jarri dizkio ELAk mahai gainean Mendiari, diru-sarrera publikoa indartzea, enplegua sendotzea, DSB eta langabezian daudenentzat diru-sarrerak bermatzea, etxebizitza eskubidea aitortzea eta eraldaketa sozial eta ekologikoaren aldeko konpromisoa ardatz dituztela.

Gainera, ERTEak ordaintzeko euskal funts publiko bat sortzea ere proposatu du, enpresen etekinekin finantzatua (sozietateen gaineko zergaren errekargua) eta enplegu guztia mantentzearen baldintzapean, aldi baterakoa barne. Funts horren zenbatekoa 300 milioi ingurukoa izatea proposatu du.

Mendiak ELArekin «harreman normalizatua» izateko konpromisoa hartu du, eta «horrek aldaketa dakar aurreko lau urteekiko»; izan ere, lau urte horietan ez du elkarrizketarik izan Lakuako sailburuekin, ezta lehendakariarekin berarekin ere, sindikatuak nabarmendu duenez.