NAIZ

Haurren erditze seguruagoa lortzeko teknologia disruptibo berri bat garatu du CIC nanoGUNEk

Donostiako CIC nanoGUNE Nanozientziako Ikerketa Zentro Kooperatiboak erditzean haurren arrisku fisiologikoak uneoro denbora errealean kontrolatzeko aukera ematen duen teknologia berri ez-inbaditzaile bat garatu du. Zesareak eta erditzeko garaian osasunerako arriskuak gutxitu ahalko dira teknologia berri honekin.

Erditzean osasunerako arriskuak gutxitzeko helburua du nagoGUNEk garatu duen teknologia berriak. (Raul BOGAJO/FOKU)
Erditzean osasunerako arriskuak gutxitzeko helburua du nagoGUNEk garatu duen teknologia berriak. (Raul BOGAJO/FOKU)

Donostiako CIC nanoGUNE Nanozientziako Ikerketa Zentro Kooperatiboak haurren erditze seguruagoa lortzeko teknologia disruptibo berri bat garatu du. Haurrak erditzeko teknologia ez-inbaditzailea eta denbora errealean etengabe monitorizatzeko aukera ematen du zentroko Nanoingeniaritza taldeak garatu duen teknologiak, obstetrei erabaki azkarrak hartzen laguntzen die, eta, horrenbestez, mundu osoan egiten diren zesarea kopurua gutxitzen.

CIC nanoGUNEtik ohar batean azaldu dutenez, lau milioi jaioberri hiltzen dira mundu osoan, eta horietatik %23 asfixia perinatalaren ondorioz. Zesarea bat egiteko erabakia, batez ere, pH-aren eta odoleko laktatoaren azterketa inbaditzailean oinarritzen da. Azterketa hori egiteko, fetuaren buru azaleko odol-lagina erabiltzen da.

Gaur egun erabiltzen den metodoak ez duenez modu jarraituan funtzionatzen, eta gainera neurketak egiteko denbora luzea behar denez, akats ugari gertatzen dira. Zesareen tasa nabarmen altua da, eta jaioberri kaltetuen kopurua, berriz, ez da aldatzen.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) %15eko zesarea tasa ez gainditzeko gomendioa egin arren, munduko batez bestekoa %22 ingurukoa da, eta zenbait herrialdetan %40ra ere iristen da. Era berean, OMEk dio zesareen tasak %10etik gorakoak badira ere, ez dutela zerikusiritk amen eta jaioberrien heriotza tasekin, kontrakoa baizik.

«Gure teknologia Raman espektroskopiaren eta aldaketa edo anomalia fisiologikoen irudi sistemikoa kontuan hartzen duten makinak ikasteko duten algoritmo multiparametrikoen konbinazioan oinarritzen da. Egungo teknologian, berriz, parametro bakar bat da erabakiak hartzeko oinarria, pH-a edo laktatoa adibidez», azaldu du Andreas Seifert nanoGUNEko Nanoingeniaritza taldeko arduradunak.

Adierazi duenez, «Raman espektroskopia bibrazio espektroskopia oso espezifikoa da, eta parametro biokimikoen aldaketak zuzenean edo zeharka detekta ditzake. Makina bidezko ikaskuntza erabiliz eta aldaketa biokimiko guztiak kontuan hartuz, askoz ere sailkapen sentikorragoa eta egonkorragoa lortzen da egoera patologikoetan eta asfixia perinatalarekin lotutako parametro espezifikoen iragarpenean».

«Gure teknologiarekin, zesareak eta erditzeko garaian osasunerako arriskuak gutxitu ahal izango lirateke, baita horrek guztiak dakartzan administrazio kostuak eta gizarte eta lege ondorioak ere», gaineratu du.

Ion Olaetxea ikertzailea bere doktore tesiaren baitan ari da proiektua garatzen, eta teknologiaren ezaugarri berritzaile eta bereizgarriak azpimarratu ditu: «Ez dugu zuzeneko lehiakiderik aurkitzen. Denbora errealean eta inolako etenik gabe egiten dugun monitorizazio ez-inbaditzaileak lehiarako abantaila nabarmena ematen digu, eta, hain zuzen ere, horrek bereizten gaitu gaur egungo diagnostiko metodoetatik».