Maite Ubiria

Lan-Eko coworking zentroak «eskola sartzea» egin du enpleguaren aldeko ekimen berriak sustatzeko asmoz

Lan-Eko elkartea 2017an sortu zen tokiko enplegua sustatzeko xede. Hendaiako Intzura industriagunean iaz zabaldu zuen coworking zentroak lan jarduera ezberdinen arteko loturak proposatzen ditu. Lurralde garapenari ekarpena egitea du ardatz mugaz gaindiko eremuari bere ateak zabaltzeko nahikeria duen elkarteak.

Lan-Ekok kudeatzen duen coworking eremuan jarduten duten hainbat ordezkari. (NAIZ)
Lan-Ekok kudeatzen duen coworking eremuan jarduten duten hainbat ordezkari. (NAIZ)

Ekonomia soziala eta elkarkidearen eremuan bere burua kokatzen duen Lan-Eko elkarteak Hendaian du bere egoitza. Zehazki Intzura auzoan dagoen indutriagunean.

Bere sorreratik, badira hiru urte, Hendaiako Herriko Etxearen sostengua jaso zuen elkarteak enplegua sustatzeko helburu duten hainbat erakunderekin batera kolaborazio esparruak zabaldu ditu, hala nola Pole Emploi, Interstices Sud Aquitaine eta Entreprises 64 egiturekin.

Horretaz gain Translan eta beste zenbait partaiderekin batera Europako Batasuneko sostengua lortu du Poctefa programaren babespean mugaz gaindiko enplegua sustatzeko ekimenak martxan jartzeko.

Iaztik 25 lagunek elkarteak Leku Eder karrikan zabalik duen coworking eremua beraien lantoki gisa erabili dute.

Helene Broquet koordinatzaileak azaldu duenez, lan egiteko esparru fisikoa sortzearekin batera «hona etortzen diren lagunen artean gaitasun trukaketa bilatzen dugu, norberak besopean dakarren egitasmoaz gain ibilbide berriak, amankomunak, proposatzeko».

Aholkularitza lanak garrantzia handia hartzen du. «Proiektuak hasieratik babesteaz gain horren segidari arreta berezia eskaintzen diogu», azaldu du Broquetek. Egitasmoen jarraipena egiteko, Pole Emploi alde batetik eta Intestices kooperatibak bestetik permanentziak bermatzen dituzte astero.

Pole Emploi egituraren ordezkaria den Thomas Fernandezek Lan-Ekok ikasturte berria aurkezteko egin zuen prentsa agerraldian nabarmendu duenez, «guregana etortzen den jendeak profil anitza badu, gazteak baditugu, baita ibibide profesionalari norabide berria emateko asmoa duen jendea».

Enpleguaren Foroa, 2021ean

Konfinamenduak moteldu egin zuen Lan-Eko elkartearen erritmoa. Are, 2018az geroztik hamabost bat partaide publiko zein pribaturekin elkarlanean eta Herriko Etxearen laguntzaz antolatzen duen Enpleguaren Foroa bertan behera utzi behar izan zuten.

Iragan apirilaren 2an egitekoa zen topaketa hasiera batean irailerako gibelatzea gogoetatu zuten. Izan ere Hendaiako Herriko Etxearen baitan lurralde garapen eta ekonomia sozial eta elkarkide alorreko lehendakariorde den Claire Legardinier-ek azaldu duenez, «finean 2021. urteko udaberriari begira jarri gara forumaren hirugarren edizioa ahal den eta baldintza onenetan prestatzeko».

Zinegotziak ekimen horren arrakasta nabarmendu du. «Eskualde osoan bere eragina zabaldu du foroak, lana bilatzen duten herritarrak eta inguruko enpresak harremanetan jartzeko tresna egokia delako», gehitu du.

Hendaian enplegua sustatzeko asmoz bultzaturiko ekimenek «tokiko ikuspegia eta lurralde perspektiba txertatzen dituztela» azaldu du Legardinierek.

Covid-19ak utzitako ajeak gainditzeak luze joko badu ere, hainbat ekimen berri martxan jarri ditu Lan-Ekok.

Hala, Interstices-eko aholkulari den Sophie Collinek lan talde berri baten sorreraren berri eman du. Izan ere, proiektu eramale eta sortzaileen artean elkarkidetza bultzatzeko Ko-crea izeneko lantaldea eratu da.

Taldeak eginiko lehenengo azterketari esker «Hendaian enpresa egitasmo bat eratzeko bidean enplegu bila diren 108 herritar identifikatu dituztela» azaldu du Collinek.

Bestalde, enplegua bilatzeko jarduera kolaboratiboak garatzeko Elkarlan izeneko taldeak lehen urratsak eman ditu.

Heldu den urriaren 12an Pole Emploi eta Lan-Eko egiturek jardunaldia antolatu dute Leku Eder karrikan bere egoitza duen coworking gunean «enpleguaren bila dauden herritarrak harremenetan jarri eta beraien lan bilaketari dimentsio kooperatiboa emateko», laburbildu du Helene Broquetek.

Horren aurretik beste hitzordu bi eman dizkiete «enplegua xekatzen duten edo ibilbide profesional berri baten bila dauden herritarrei». Urriaren 5ean sare sozialen erabilpenari buruzko tailerra antolatu dute eta urriaren 8an, berriz, enpresa bat sortzeko prozedurari buruzko atelierra.