NAIZ

N-I errepidea lanengatik itxiko dute Ikaztegietan asteburuan

Ikaztegieta parean N-I errepidean egingo diren lanak direla eta, karretera itxiko dute asteburu honetan (ostiraleko 21.00etatik igandeko 21.30ak arte) Irun-Gasteiz noranzkoan, Gipuzkoako Aldundiak jakitera eman duenez. AP-1 autobideko Lesarri tunela ere itxiko dute ostiraleko 20.00etatik 22.00etara Behobiarako noranzkoan.

N-I errepidea, Irungo norabidean, Villabona parean. (GOOGLE MAPS)
N-I errepidea, Irungo norabidean, Villabona parean. (GOOGLE MAPS)

Gipuzkoako Aldundiak N-I errepidea hobetzeko lanekin jarraituko du. Zorua birgaitzeko lanak ostiral honetako 21.00etatik igandeko 21.30era arte izango dira, oraingoan Ikaztegieta parean, eta N-I errepidea itxita egongo da Irun-Gasteiz noranzkoan, ia bi kilometroko luzera duen tartean.

Aldundiak jakinarazi duenez, lanen ondorioz, Ikaztegietako lotunean N-I errepiderako sarrera eta irteera adarrak itxita egongo dira Irun-Gasteiz noranzkoan, eta Ikaztegietara sartu nahi duten ibilgailuek Alegian irten beharko dute eta GI-2131 errepidea erabili herrira sartzeko.

Ikaztegietatik Irun-Gasteizerako noranzkoan N-I errepidera sartu nahi duten ibilgailuek, berriz, GI-2131 errepidea erabili beharko dute Legorretako biribilgunera joateko eta bertatik sartzeko.

Bestalde, Bidegi enpresa publikok jakinarazi duenez, ostiral honetatik igandera bitarte konponketa lanak egingo ditu Lesarriko tunelean, AP-1 autobidean, Bergaran, Gasteizerako noranzkoan. Lanak direla eta, ostiraleko 20.00etatik igandeko 22.00etara tunela itxita egongo da eta trafikoa Behobiarako noranzkoan jarritako bypassetik desbideratuko da.