NAIZ

Ondarroako Udalak maskara, gel hidroalkoholikoa eta eskularruak eman dizkio saharar herriari

Ondarroako Udalak gel hidroalkoholikoa, maskarak eta eskularruak eman dizkio Yaalah elkarte humanitarioari, Saharako Tindufeko errefuxiatu-esparruetara eramateko.

Gel hidroalkoholikoak, maskarilak eta eskularruak eman dizkio Ondarroako Udalak Yaalah elkarteari. (@UdalBarriak)
Gel hidroalkoholikoak, maskarilak eta eskularruak eman dizkio Ondarroako Udalak Yaalah elkarteari. (@UdalBarriak)

Gel hidroalkoholikoa, maskarilak eta eskularruak eman dizkio Ondarroako Udalak Yaalah Ondarroako saharar herriaren aldeko elkarteari, azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran egingo duten karabanan Saharako kanpamenduetara eramateko. Bertan dagoen egoera latzaz ohartarazi zuten hango gazteen bi ordezkarik, GARAri emandako elkarrizketa honetan.

Horrela, Ondarroako Udalak «bere aletxoa» jarri nahi izan du ekimen honetan parte hartzeko, bere webgunean jakitera eman duenez.

Koronabirusaren aurkako babes-materialez gain, elkarte horrek dei egin die herritarrei saharar herriari lagun diezaioten, uda honetan pandemiaren ondorioz EAEn hartu ezin izan dituzten haurrei neguko arropa emanez.

Harrera programa bertan behera

Izan ere, aurten Euskal Herrira etorri ezin izan diren haurrei eramateko neguko arropa bilketa iraila hasieran jarri zuen martxan Yaalah elkarteak.

Koronabirsaren ondorioz, 'Oporrak bakean' harrera programa bertan behera geratu zen eta urtero Ondarroara etortzen ziren haurrak Saharan geratu behar izan ziren.

Harrera familietara etorriko diren umeez gain, Lea-Artibaiko aterpetxean igaro behar zuten uda Tindufeko (Aljeria) desertuko kanpalekuetan bizi diren Saharako hamabost haur errefuxiatuk.

Ondarroako Zaldupe eskolako eraikin horretan egin behar zuten bi hilabeteko egonaldia bertan behera gelditu zen ere salbuespen egoeragatik.