NAIZ

Osakidetzako langileak, kalean Lehen Arretako gune guztietan «muturreko egoera» salatzeko

Osakidetzako Lehen Arretan dauden lan eta arreta baldintzak jasaezinak direla salatu dituzte ostiral honetan ehunka eta ehunka langilek, sindikatu guztiek bultzatutako elkarretaratzeetan. Osasun Sailak dio ez dela protestarako unea eta sistema indartzeko asmoa dutela.

Osakidetza langileak, Bilboko osasun-etxeetako batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Osakidetza langileak, Bilboko osasun-etxeetako batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Osasun arloko sindikatuen (SME, Satse) eta zentralen (ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK) deialdiari jarraiki, EAEko Lehen Arretako gune guzti-guztietan elkarretaratzeak burutu dira ostiral honen eguerdian, baliabide gehiago eskatuz.

Pandemiak larriagotu egin ditu jada aurretik zeuden gabeziak, nabarmendu dutenez. «Muturreko egoera» dagoela ziurtatu dute. Langileak gaindituta daudela adierazi dute, eta honekin ematen den arreta kalteturik dagoela. Eta osasun sailburu berriari dei egin diote, arazo honi aurre egiteko.

Bilboko Errekaldekoa, Gasteizko Amara Berrikoa eta Gasteizko Olagibelekoa izan dira Lehen Arretako protesta honen gune nagusiak.

Mobilizazio hauek jarraipena izango dute: hilaren 25ean erietxeetan deitu dituzte eta urriaren 3an Bilbon manifestazioa iragarria dago.

Hauxe adierazi dute sindikatuek: «Aurreko urteetan bezela, arazoa larriagotu egin da udaren etorrerarekin. Hala, beste uda batez, Lehen Arreta bat dugu, udari hamarreneko plantillarekin aurre egin behar diona (oso urria da egunerokoan ere), ordezkapen edota estaldurarik ez dagoelako; langile batzuk akituta daude gainkarga sistematikoagatik; beharrezko errefortzurik gabe, egunerokotasunean ezinbestekoak badira, are gehiago bizi dugun egoera honetan; eta, horrela, etabar luze bat».

«Aurten, gainera, profesionalek jasaten duten ohiko gainkargari koronabirusaren kontroletik eta jarraipenetik eratorritako lan-karga gehitzen zaio, eta zeregin hori, zati handi batean, Lehen Arreta ari da bere gain hartzen –erantsi dute–. Eta, egoera horretan, Osakidetzak emandako konponbidea betikoa izan da: kategoria guztietan ordezkapenik ez izatea, Lehen Arreta ez indartzea, arreta-murrizketak, zentroak ixtea (Zumarragako edo Elgoibarko EAGak adibide gisa) ordutegiak murriztea, etabar».

Osasun Saila: «Sendotzeko borondatea»

Protesta honen aurrean, Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak «Lehen Mailako arreta eta osasun publikoa, oro har, sendotzeko konpromisoa benetakoa eta erabatekoa» dela adierazi dute. «Lehen ere bazen eta orain ere bada, eta hala jaso da Eusko Jaurlaritzak bere Gobernu Programan bere gain hartutako konpromisoetan; besteak beste, datozen lau urteotan 4.000 plaza sortzea aurreikusten du».
 
«Langileek mobilizaziorako duten eskubidea errespetatzen dugu, baina ez dugu uste unerik egokiena denik. Ondorioak Euskadiko herritarrek jasango dituzte, eta are gehiago pandemiaren garai honetan. Gogorarazten dugu beti egon garela elkarrizketarako prest eta orain ere prest gaudela, eta ahalik eta lasterren eragile sindikal guztiekin batzeko borondatea iragarri dugu, planteatutako beharrei erantzun egokia emateko elkarrekin lan egiteko asmoz», gehitu dute.

Murrizketen inguruan berriz ere ezbaian aritu dira sindikatuak eta Lakua. Lehenengoen ustez, oraingo egoerak murrizketa horiek ditu ardatz; Osasun Sailak dioenez, datu orokorrak argudiatuta, ez da inolako murrizketarik gertatu.