Maite UBIRIA

Etxegabeak karrikan egon ez daitezen auzapezak harturiko erabakia salatuko dute Baionan

Etxegabeak (SDF, frantsesez) karrikan «luzaroan jarririk edo etzanik» izan ez daitezen Baionako auzapezak joan zen ostiralean izenpetu zuen dekretu berriak hautsak harrotu ditu Lapurdiko hiriburuan eta erantzunak fite heldu dira. Ekimen herritar batek dekretua salatzeko elkarretaratzea antolatu du irailaren 24an, ostegunarekin.

Jean-René Etchegarayk joan zen ostiralean izenpetu duen ika-mika eragin duen ordenantza berria. (Bob EDME)
Jean-René Etchegarayk joan zen ostiralean izenpetu duen ika-mika eragin duen ordenantza berria. (Bob EDME)

Irailaren 18an mandatu berriari begira erronkak finkatzeko agerraldia egin zuen Jean-Rene Etchegarayk. Baionako auzapezak covid-19aren krisiak oso bestelako domeinutan izan dituen ondorioak izan zituen aipagai.

Horren harira, deskonfinamenduaren ondotik hainbat auzotan segurtasun arazoak agertu direla azaldu zuen.

Zehazki «gizalegearen aurkako ekintzak eta delinkuentzia kasuak ugaritu direla» nabarmendu zuen Etchegarayk.

Bere erranetan, ezin da egoera orokor bati buruz hitz egin, baina «Herriko Etxeak Baiona Tipiko auzoan agertu duten arranguren aitzinean ez duela itsuarena eginen», ohartarazi zuen.

Hala, hiri segurtasuna bermatzea aldera udaltzaingoaren taldea handitzeko asmoa agertu zuen. Egun 38 udaltzain badira Baionan. Herriko Etxeak laster bertze sei bat kontratatuko dituela iragarri zuen auzapezak.

Izan ere, Etchegarayk harturiko beste erabaki batek oraindik ere zeresan gehiago sortu du. Francebleu irratiak ostiral arrasaldean jakitera eman zuenez, etxegabeak (SDF, frantsesez) erdiguneko karriketan «luzaroan jarririk edo etzanik» izan ez daitezen dekretu berria izenpetu du Etchegarayk.

Zehazki, etxegabeak taldeka karriketan jartzen direnean, sarritan beraien txakurrak eta zakuak ondoan dituztela, «traba, eta baita beldurra ere» sortzen dutela aipatu du Herriko Etxeak.

Aldiz, etxegabeei laguntza emateko Baionan zabalik dauden jantoki eta aterpeak herritar horien alde Herriko Etxeak duen engaiamenduaren probarik onena direla erantzun zuen Jean-Rene Etchegarayk.

Izan ere, karriketan dauden hainbat etxegabek «portaera ez egokiak edo bortitzak» erakusten dituztenean «horiek saihesteko jardungo dugula» gaineratu zuen auzapezak.

«Pobrezia borrokatu, ez pobreak»

Baionako auzapezak hartu erabakiak hautsak harrotu ditu Lapurdiko hiriburuan eta fite heldu dira lehen erreakzioak.

Are, herritar ekimen batek dekretua salatzeko elkarretaratzea antolatu du irailaren 24an, ostegunarekin.

«Pobrezia borrokatu behar da, ez pobreak» lemapean, arratsaldeko 16.30etik goiti Baionako Herriko Etxearen aitzinean izanen dira, karrika okupatzen gauera arte, «duintasunaren kontrako neurri baztertzaileak» bertan behera geldi daitezen galdegiteko.

«Migranteak soilik ez orohar prekarietate handia pairatzen duten herritarrak» hunkitzen dituen erabakia arbuiatzeaz gain «arau hori deuseztatzeko prozedura judiziala zabaltzeko aukera» mahaigainean jarri zuen, bere aldetik, Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko kideak astelehen arratsaldean Elkartasunen Martxa aurkezteko eginiko prentsaurrekoan.

Auzitegiek Baionako auzapezak aitzineratu araua bertan behera utziko duela espero duela gaineratu zuen Etorkinekin kolektiboko ordezkariak.

Beste hainbeste egin du pobreziaren aurkako borrokan itzal luzeko elkarte batek, Abbe Pierre fundazioak. Michel Muratek elkarteko kideak oroitarazi duenez 250 herritar inguru karrikan bizitzera beharturik daude BABn, eta aterpeak gainezka daudela nabarmendu du.

Bestalde, Bihar Baiona oposizioko taldeak salatu duenez, Baionako auzapezak publikaturiko dekretua ez da eztabaidatua izan herriko kontseiluan. «Errepresioa eta estigmatizazioa sustatzen da, hiri eta elkargo mailako aterabideak bilatu beharrean. Prebentzioan funtsezkoak diren zaintza, ahulenekiko babesa eta bergizarteratze soziala alde batera utziak dira», deitoratu du ohar bidez Mathieu Bergeren taldeak.

Etchegarayk hartu deliberoaren aitzinean France Insoumisek ildo beretik egin du salaketa publikoa eta «jarririk edo etzanik egoteko debekua elkarbizitza kudeatzeko gaitasun eza handia» dela adierazi du.