NAIZ

Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana egingo dute urriaren 4an

Gaztelugatxe inguruan hondakinak biltzeko auzolana egingo da urriaren 4an, Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin.

Gaztelugatxeko kostaldea garbitzen lagunduko dute boluntarioek. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Gaztelugatxeko kostaldea garbitzen lagunduko dute boluntarioek. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Ekimen honen helburua da itsasoak Gaztelugatxe ingurura eramandako hondakin guztiak kentzea, hala nola botilak, kutxak, plastikoak, sareak edota sokak. «Kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi da», adierazi dute Bermeoko Udaletik.

2018ko uztailean ere antzeko jardunaldi bat antolatu zen eta arrakasta handia izan zuen, 30etik gora pertsonak parte hartu baitzuten. Adin guztietako boluntarioak ibili ziren orduan lanean. Aurtengoarekin, guztira sei auzolan bilkura antolatu dira jada azken sei urteetan Gaztelugatxeko ingurua garbitzeko.

Aurtengo auzolanak aldaketak izango ditu aurreko edizioekin alderatuta, covid-19ak ekarritako osasun krisia dela eta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko hamar pertsonako taldeak egingo dira, eta boluntarioak inguru osoan zehar zabalduko dira, denbora guztian segurtasun tartea mantenduz. Horrez gain, maskara nahitaezkoa izango da lanaldi osorako.

Jardueran 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du. Inguru arriskutsua da eta, hori dela eta, adin horretatik beherako pertsonak bertaratzea ez da gomendatzen. Topalekua Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxearen aparkalekua izango da, urriaren 4ko 09.00etan. Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko.

Jarduera hasteko, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruz hitz egingo dute, eta garbiketa lanak zelan egin azaldu. Aurtengo egoera berezia dela eta, ez da poltsarik ez urik banatuko. Hori dela eta, boluntarioei eskatu diete etxetik ura eramateko.

Inguruaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko giza kate bat osatuko da, eta ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Bertatik, Bermeoko Udalak hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Jardunaldia 14.00etan amaituko da.

Antolatzaileek gomendatu dute arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta edatekoa eramatea. Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi duten boluntarioek izena ematea irailaren 28ko 18.30ak baino lehen info@lurgaia.org posta elektronikoan.