NAIZ

Lakuako Hezkuntza Saila Lan Ikuskaritzan salatu du LABek

Haur Hezkuntzako langileak covid-19aren aurren babesik gabe utzi dituelako Lan Ikuskaritzan salatu du LAB sindikatuak Lakuako Gobernuko Hezkuntza Saila. Adibidez, Heziketa Bereziko langileekin ez da neurri berezirik hartu, nahiz eta sei urte beherako umeek ez dute musukorik erabiltzeko beharrik.

Bilboko eskola bateko gela. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Bilboko eskola bateko gela. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Lakuako Gobernuak «Haur Hezkuntzako langileak covid-19ren aurrean babesik gabe utzi duela» salatu du LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan gaur. Sei urtetik beherako umeek musukorik erabili behar ez dutela-eta, ez du babes bereziko neurririk aurreikusi Hezkuntza Sailak, Heziketa Bereziko langileekin gertatu den legez.

«Kurtso hasierak agerian utzi du, beste behin, Jaurlaritzaren aurreikuspen falta. Pandemiak sortutako gabeziei erantzuteko baliabide gehiago ez bideratzeaz gain, gaur egun hezkuntza sare publikoan jarduten dugun langileon baldintzetan ere Hezkuntza sailak ez du aurrera pausorik eman», azaldu LABek.

«Bildarratzen sailak ez ditu eskolako espazioak berrantolatu ikasleen arteko distantziak bermatu ahal izateko, pandemiari erantzuteko aparteko kontratazioak ez egiteaz gain, ohiko ikasturte batean sortuko liratekeen langile kopuru minimoak ere ez ditu hornitu, hezkuntza eragileekin biltzea ez da itxurakeriatik haratago heldu eta gainera, langileen banakako segurtasun neurriak (NBEak) ere ez dira bermatu», gaineratu du sindikatuak.

«Heziketa bereziko langileek ondoz ondoko hurbileko lana burutzen dute ikasleekin eta gaur gaurkoz, oraindik ez zaizkie egoera epidemiologikoak eskatzen duen musukorik eman. Hori gutxi balitz, Hezkuntza saila arduragabekeriaren jarrera berdina erakusten ari dira haur hezkuntzako langileekin. Ikasleek ezin dituzte musukoak erabili, eta horregatik premia larria du langileak babesturik izateak», esan du LABek.

Hori dela eta, LAB sindikatuak Lakuako Hezkuntza saila salatu du lan ikuskaritzaren aurrean, «Gasteizeko administrazioa bere arduraren erantzule egin dadin eta behingoz, eskolak ingurune osasuntsu bihurtze bidean urratsak eman daitezen.