NAIZ

Metroaren aurkako protesta egin dute Donostian ‘Oinezkoentzako plano berriaren’ aurkezpenean

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metroaren eraikuntza salatzeko elkarretaratzea egin du astearte honetan Alderdi Ederren «Donostia oinez: Metroa zertarako?» lelopean. Mobiliziazioa Donostiako Udalean ‘Hiriko oinezkoentzako sarearen plano berria' aurkezten zen bitartean burutu da.

Satorralaia mugimenduaren elkarretaratzea.
Satorralaia mugimenduaren elkarretaratzea.

Donostiako Udal Gobernuak ‘Hiriko oinezkoentzako sarearen plano berria' aurkezten ari zen bitartean Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metroaren eraikuntza salatzeko kontzentrazioa egin du gaur goizean Alderdi Ederren «Donostia oinez: Metroa zertarako?» lelopean.

Satorralaia ohar baten bidez adierazi duenez, «esplazamenduak oinez edo bizikletaz eroso eta arin egin daitezkeen eta hiriko autobus zerbitzu ona daukan gure hirian Metroaren obrak inongo justifikaziorik ez du».

«Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen harira hiriak oinez ibiltzeko duen bokazioa indartu eta Donostia bere tamainagatik oinezkoei egokitutako hiri bat dela ikustarazi nahi omen duen bitartean, Metroaren obra erasokor eta zeharo behargabekoa bultzatzen du Donostiako Udalak», adierazi du Satorralaia mugimenduak.

Halaber, Udalak gaur aurkeztutako planoan, non hiriko gune jakin batzuren arteko distantzien eta denboren berri ematen duen, Amarako Topoaren Geltokitik Kontxako Pasealekura dagoen bidea oinez egiteko 8 minutu besterik ez dela behar jartzea «saihestu» duela salatu du Satorralaiak.

«Datu hori ez du ematen planoak, Metroaren obra erraldoiaren zentzugabekeria agerian utz lezakeelako nonbait».

Satorralaiak jakinarazi duenez manifestari batek Udalaren jarrera «inkoherentea» aurpegiratu dio Pilar Arana Mugikortasun zinegotziari, azken hori pankartara hurbildu denean. Auzotarren mugimenduak salatu duenez, protesta ekitaldi ofizialera eramateagatik isuna jarriko du Ertzaintzak.