Amaia U. Lasagabaster

Euskal Herria Kopako finala aurkeztu dute Zornotzan

Realak eta Athleticek jokatuko dute 10. edizioaren finala Urritxen igandean. Datorren astetik urriaren 11ra bitartean, hurrengo edizioaren lehen fasea lehiatuko da ere.

Etxeberria, Salterain, Zurutuza eta Agirre egon dira Urritxen, finalaren aurkezpenean. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)
Etxeberria, Salterain, Zurutuza eta Agirre egon dira Urritxen, finalaren aurkezpenean. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)

Oztopo guztien gainetik, eta ez dira gutxi izan, Euskal Herria Koparen X. edizioa dagokion urtean lehiatzen ari da. Asteazkenean jarri zen martxan, izan ere, finalerdiekin eta gaur Zornotzan aurkeztu den finalarekin amaituko da igandean (16.00, ETB).

Kike Zurutuzak Euskal Herria Kirolako ordezkariak, Ainhoa Salterain Zornotzako Berdintasun Zinegotziak parte hartu dute Urritxen bertan egindako finalaren aurkezpenean, Garbiñe Etxeberria eta Joseba Agirre Real eta Athleticeko kirol arduradunekin batera. Zuri-urdinak eta zuri-gorriak dira, hamargarren aldiz, finalean txapelaren bila arituko diren taldeak, final-erdietan Osasuna eta Eibar gainditu ondoren. Azken bi hauek konsolazio finala jokatuko dute bihar Fanderian (17.30).

Covid-19aren ondorioz, aurtengo edizioa murriztuagoa bada, hurrengoa aldaketekin dator ere. Izan ere, datorren astetik eta urriaren 11ra arte lehiatuko da lehen fasea. Irabazleek bigarren fasea jokatuko dute datorren urtean. Zurutuzak aurreratu dutenez, honako hauek dira lehen fasean arituko diren taldeak: Lapurdiko Baionako Aviron eta Angeluko Genets, Nafarroako Mulier, Berriozar eta Osasuna, Arabako Alaves eta Aurrera de Vitoria, Bizkaiko San Ignacio eta Gipuzkoako Oiartzun eta Añorga. Euskal Herria Kirolako ordezkariak partehartzaile guztien laguntza eskertu nahi izan du, baina baita lehen lerroan azaltzen ez diren beste hainbestena ere.

«Oso urte berezia eta zaila izan da aurtengoa, denok dakizkigun arrazoiengatik –onartu deu Zurutuzak–, baina halere lortu dugu. X. Euskal Herria Kopa egiten ari da, egingo da bere osotasunean, eta hori askoren lan ixilari esker izango da. Esker beroenak eman nahi dizkiogu Sondikako klubari, hasieratik izan duen konpromisoagatik, Gipuzkoako Touring klubari, Arabako Amurriori, Leitzako Aurrerari, Iparraldean lanean aritu den Alexi, eta Baionako Avironi. Baita ere saiatu arren laguntza ematerik izan ez duten klub eta pertsona guztiei».

Nola ez, aipamena merezi dute Zornotzak, finala hartuko baitu, eta Euroeskualdeak ere, hamargarren edizio honen babeslea baita. Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak osatutako erakundeak helburu estrategikoa du lurralde ezberdinetako kirol jarduerak sustatzea eta txapelketa bere babespean egiten ari da.