NAIZ

Pedro Lejarza zeanuriztarra 99 kilometro 18 ordutan egiten saiatuko da, ASPANOVASen alde

Gorbeia Suzien lasterketako —Skyrunning-2020 munduko koparen zirkuituko lasterketa, pandemia dela eta ezin izan dena antolatu— ibilbidea hiru aldiz egitea da erronka.

Erronka Solidarioaren kartela. (NAIZ)
Erronka Solidarioaren kartela. (NAIZ)

Datorren urriaren 2an, ostirala, gaueko 00.00etan hasiko du Pedro Lejarza zeanuriztarrak erronka, eta larunbatean, 18 ordu ondoren, ibilbidearen 99 kilometroak betetzea espero du. Kirolariak Gorbeia Suzien lasterketako ibilbidea hiru aldiz egitea du helburu.

Erronka solidarioa, ASPANOVAS, Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen elkartearen alde izango da eta lagundu nahi dutenek 5 eurotan dorsal bat erosteko aukera izango dute. Dorsal horiek Zeanuriko dendetan eta tabernetan eskuratu daitezke.

Bera bizi den auzotik, Eleizondotik, abiatuko da korrikolari zeanuriztarra, Nestor Basterretxeak Gorbeiako gurutzearen menderurrena dela-eta sortu zuen gurutzearen aurretik hain zuzen, eta Zeanuriko plazatik igaro ondoren, Lekanda, Gorbeiagana eta Aldamin tontorretatik igaroko da, beste zenbait punturen artean. Ibilbideak 7.200 metroko desnibel positiboa du eta 14.400 metroko desnibel metatua.

Erronka aurrera ateratzeko Gorbeia Suzien, Zeanuriko Udala eta herriko beste elkarte eta komertzioen laguntza izango du.

Gorbeia Suzien lasterketa —Skyrunning-2020 munduko koparen zirkuituko lasterketa, pandemia dela eta ezin izan dena antolatu— Skyrunner World Series zirkuituko bederatzi hitzorduetatik bat zen. Zeanurin antolatzen duten euskal lehia erabat sendotu eta indartu da azken urteotan, eta horri esker Munduko Kopan sartzeko aukera izan du.