Ane URKIRI

Alavesek lehen puntua eskuratu du Getaferekin berdindu ostean (0-0)

Neurketa animatua jokatu dute Alaves eta Getafek baina, ez batek ez besteak, ezin izan dute atea zulatu. Hala, puntu banaketarekin konformatu bihar izan dute biek ala biek. Babazorroek denboraldiko lehen puntua eskuratu dute, dinamika aldatzeko lehen urratsa izan daiteke, sentsazioak ere askoz hobeak izan baitira. [Partidako xehetasunak]

Ruben Duarte, gaur berriro hasierako hamaikakoan, Cucho Hernandezengandik ihes egin nahian. (LA OTRA FOTO)
Ruben Duarte, gaur berriro hasierako hamaikakoan, Cucho Hernandezengandik ihes egin nahian. (LA OTRA FOTO)

Granadaren aurkako neurketan bigarren zatian ateratako planteamendu berarekin zelairatu da Alaves Getaferen aurkako norgehiagokan. Pablo Machinen taldeak minutu onak jokatu zituen lau jokalarik osaturiko atzeko lerroarekin eta dinamika hari segida ematea erabaki du entrenatzaile babazorroak.

Minutu oso onak jokatu ditu Getafe bezalako talde indartsu baten aurka. Ausart aritu da Alaves, Deyversonen bizitasunak bizia eman dio taldeari eta Edgar Mendez zein Joselurekin oso ondo ulertu da aurrelari brasildarra. Lucas Perez aulkian hasi da, pasa den astean giharretan igarri zituen molestia batzuk medio.

Alaves nagusi izan da lehen zatian, azken minutuetan madrildarrek indarrak parekatu badituzte ere. Cucurella zein Matak aukera paregabeak izan dituzte 0-1ekoa egiteko baina, egiari zor, meritu gehiago egin ditu etxeko taldeak. Joselu eta Deyverson buruko min galantak bilakatu dira Etxeita eta Djene atzelarientzat, Oliverari ere kosta zaio Edgar gelditzea.

Eraso zuzenak eraikitzen saiatu dira gasteiztarrak, aurrelariak irabazten zituzten lehia bakoitzari probetxua atera nahian. Eta lortu dute. Deyverson eta Joseluren elkarlanari esker, Edgarrek aukera ona izan du seigarren minutuan baina lo hartu du kanariarrak. Horren segidan Cucho Hernandezek ere izua gerturatu du Pachecoren atera baina geroztik, jokoaren jabe izan da Alaves, lehia bakoitzean irabazle suertatzen baitzen.

Hala, Deyversonek ere izan du gol aukera argi bat. David Soriaren aurrean geratu da Duarteren pase luze baten ondotik baina brasildarrak ez du asmatu ate aurrean.

Dena kontrolpean zirudienean, zelai erdian Battagliak eginiko hutsegite pare bat probesten saiatu da Getafe eta kasik gogotik ordainarazi dio talde babazorroari aurretik huts egindako aukera guztiak. Nolanahi ere, Edgarren aukera on batekin itxi dute babazorro eta madrildarrek lehen zatia, bigarren zati taktikoago bati hasiera eman baino lehen.

Bigarren zatia, kontrolatuago

Aldageletatik bueltan, Cucho Hernandez, lehendabizi, eta Joselu, minutu gutxi batzuk beranduago, izan dira goletik gertuen egon diren jokalariak. Azken gol aukera hori 53. minutuan egin du aurrelari babazorroak eta ordutik, nahiko neurketa trabatua osatu dute bi taldeek. Aurretiaz, edozein zalek aurreikusi zezakeena, alegia.

Alaves eta Getafek lehen zati oso entretenigarria eskaini dute, ausart aritu dira eta modu kontrolatuagoan jokatu dute bigarren zatian punturen batek ihes egiteko beldurragatik edo. Gasteiztarrei azken bi neurketetan gertaturikoa ikusi ostean, erabakia logikoa izan zitekeen, norgehiagokaren azken fasean beste gol bat jaso eta hirugarren porrota jasotzeko izuarengatik gatibatuta. Pablo Machin berak onartu zuen partida aurreko prentsaurrekoan «berdinketa −porrota baino− gaitz txikiagoa» dela.

Dena dela, defentsa eremua indartu izanagatik, ez du inork uko egin erasoari. Esaterako, Bordalasek Ünal eta Angel zelairatu ditu erasoa berritzeko −ez du aldaketa gehiagorik egin 88. minutura arte− eta Machinek Lucas Perez zelairatu du Deyversonen ordez, galiziarrak golarekin duen konexio bereziaz jakitun. Bestalde, Manu Garciak indartu du zelai erdia, Battagliaren lekua hartuta. Borja Sainz ere zelairatu da azken minutuetan eta freskotasuna eman dio Alavesen erasoari.

Eraso luzeak eraikitzeko aukera izan dute arerioari baloia azkar lapurtzearen poderioz eta itxura benetaz sendoa eskaini du etxeko taldeak neurketaren azken hatsean.

«Puntu gehiago eskuratzeko meritua egin dugu»

Pablo Machinek baikortasunez hartu du denboraldiko lehen puntua batu izana baina iritzi du bere taldeak «puntu gehiago eskuratzeko meritua egin» duela. Nabarmendu du lehen zatian nagusi izan direla Getaferen aurka.

«Getaferen aurka lehiatu gara beraien arma eta beraien energia berarekin, ondoren norgehiagoka parekatu egin da eta pozik nago jokalariekin eginiko lanarekin», adierazi du. Ate aurrean finago aritzea gustatuko litzaiokeela ere onartu du. Honen inguruan, oraindik ez dagoela kezkatuta argitu du, «aukerarik ez sortzea kezkagarriagoa» delakoan.

Sistemaren aldaketari dagokionez, partida aurreko prentsaurrekoan esandakoa berretsi du. Bere esanetan, taldeak ez dauka erdilari nahikorik 5-3-2 eskemarekin jokatzeko eta «gaur lehiakorrak izateko hobe zen hegaletan bi jokalarirekin aritzea». «Aberastasun taktikoa edukitzea onuragarria da», nabarmendu du.

Manu Garciak bere lehen minutuak jokatu ditu oineko lesio bat gainditu ostean. Battaglia ordezkatu du neurketaren azken 10 minutuetan eta puntu bat batzearekin pozik agertu den arren, «gehiago exijitu behar dugu eta garaipena behar dugu hainbeste ez sufritzeko», pasa den denboraldian gertatu legez.

Espero baino norgehiagoka irekiagoa eskaini dute bi taldeek eta kapitainaren ustetan, lastima izan da garaipena ez lortzea «gure aurrelariek lehia guztiak irabazi baitituzte».

«Neurketa ona jokatu dugu, atzean eduki ditugu akats batzuk baina, oro har, ondo lehiatu gara arerio on bat aurka», laburbildu du Manu Garciak neurketa amaitu berritan.