Letren plaza bihurtu da Zarautz asteburuan, Literaturia jaialdian

Euskal idazle, editore zein irakurleen topagune da Zarautz asteburu honetan. Inoiz baino gehiago sektorea bizitzen ari den une zail hauetan. Azoka, aurkezpenak, performanceak, mahainguruak... denetarik eskaintzen du egitarauak eta letrazaleek, letrajaleek, ez diote hutsik egin. 

Xole Aramendi|26/09/2020
Literaturia
Heldu, gazte zein haur, literaturzaleek hitzordua dute asteburuan Zarautzen. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

‘Atea’ gaitzat hartuta etorri da Literaturia. Eta halaxe, atea kax-kax jo zuen udaberrian, ohi bezala, baina covid-19ak eragotzi zuen egitea. Udazkenera arte zain egon behar izan du eta asteburu honetan ari da ospatzen literatur jaialdia.

Krisi garaietan ere kultura egiten eta sustatzen jarraitzea ezinbestekoa dela sinetsita ekin diote antolatzaileek edizio berria antolatzeari. «Udazkenean bazen ere, kosta ahala kosta egin egingo genuela erabaki genuen, iruditzen zaigulako kulturak beharrezkoa duela bultzada hau», adierazi digu larunbat goiz honetan Itziar Iruretagoiena, antolakuntza taldeko kideak.

Pozik antzematen zen publikoaren erantzunarekin. «Jende asko dabil eta jaialdiaren premia bazuela ikusten da», kontatu digu. 

Hasieratik izan bada elkargunea, zer esanik ez bizitzen ari garen garai petral hauetan. Askotan hain urrun dauden sortzaileen eta hartzaileen arteko zubi lana egiten du Literaturia jaialdiak. Eta idazleek zein irakurleek bereziki estimatzen duten hitzordua da. Baita editoreek ere. «Aspaldi ikusi gabeko aurpegi asko ari naiz ikusten. Beste argitaletxeetako langileak, kazetariak, idazleak, itzultzaileak... poza ere ematen du. Komunitate txikia gara, auzolan modukoan aritzen garenak, nor bere enpresan aritu beharrean denon helburua delako irakurzaletasuna bultzatzea eta gure kultura goratzea», adierazi digu Xabier Mendiguren, Elkar–eko editoreak.

«Ez da Durangoren mailako azoka, tamaina txikiagoa du, baina giro oso ona sortzen da. Beste kideekin eta irakurleekin egoteko aukera daukagu, eta beti ez da sortzen hori. Euskara hutsezko azoka izatea ere inportantea da», nabarmendu du Susako Leire Lopez Ziluagak.

Antolatzaileekiko esker oneko hitzak izan ditu Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrulak. «Eskerrak eman nahi dizkiet egindako ahaleginagatik. Gainera, mimo handiz tratatu izan gaituzte beti. Noski, liburu dendak hor daude, baina garrantzitsua da literaturak plazak izatea eta batez ere azokak. Liburuek iraungitze data laburra dute eta era honetako feriatan nobedade ez diren izenburuek tokia dute. Eta nola ez, idazleek irakurleekin aurrez aurreko harremana izatea ere oso interesgarria da».

‘Hitza da giltza’ lemapean, bi protagonista berezi ditu aurtengo edizioak: EIZIE elkartea eta Leire Bilbao idazlea. Biek ala biek jasoko dute bildutakoen onespena.

Aurpegi berrituarekin heldu da, Musika plazatik Lege Zaharraren enparantzara egin baitu salto. Lehen aldiz, karpa bakarrak bildu ditu argitaletxe guztien postuak. Eta asteburuko negu giroari aurre egin behar dioten argitaletxeetako ordezkariek zinez eskertu dute aterpe goxoa.

Gainera, segurtasuna bermatu nahian Durangoko Azoka murritzagoa izango denez, Ahotsenea sortzaileen guneak ere badu bere lekua Literaturian. Ekitaldiak Modelo Aretoan eta Lege Zaharren enparantzan ari dira egiten.

Gaur eguerdian abiatu da Literaturia eta hasierako orduak giro onean joan dira. ‘Itzulpengintza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko’ mahai inguruak Idoia Santamaria, Beñat Sarasola eta Isabel Etxeberria elkartu ditu Modelo Aretoan. Euskarazko itzulpengintzak irakurleengan urte luzez eragin izan dituen errezeloez eta aurrera begira euskaraz irakurtzeko eta ulertzeko gai diren irakurleak trebatzeko beharraz jardun dute. Kontsumo datu hotzen –maiz, ezkorren– aurrean euskal literaturak bere txikitasunean duen handitasunaz jabetzeko premiaz.

Arratsaldean Katixa Agirre idazleak eta Maite Larburu musikariak ‘Kax-kax-kax!’ ikuskizuna eskainiko dute (18.00, 2 euro) eta eguna Pettik itxiko du, Harkaitz Canoren letrekin egindako ‘Manipulazio estrategiak’ diskoaren aurkezpenarekin (22.00, 5 euro).

Modelo beste lau ekitaldiren lekuko izango da igandean. Leire Bilbaok ‘Ateko zirrikitutik’ ipuin kontaketa eskainiko du (11.00) eta, ostean, Literaturiaren oroigarria eskainiko zaio haur eta gazte literaturan egindako ekarpenagatik (12.00). Igandeko mahai inguruak Miren Amuriza idazle eta bertsolaria, Antton Olariaga komikigilea eta Aitor Arregi gidoilari eta zinema zuzendaria bilduko ditu ‘Literateak’ izenburupean (12.30), Mikel Soto moderatzaile dutela. Jaialdia Anari, Ruper Ordorika eta Jon Eskisabel musikariek itxiko dute, ‘Letragintza: hitza musikaren giltza?’ mahai inguruan (17.00).