R.S.

Aurreko astean hildako haurra ez zegoen covid-19ak kutsatuta; positibo faltsua izan zen

EAEn covid-19ak duen bilakaera «egonkorra» dela berretsi du astelehen honetan Ignacio Garitanok. Ospitaleratzeen kopurua apurka-apurka beheruntz ari dela esan du. Eta albiste bat erantsi du agerraldian: aurreko astean hil zen umea ez zegoen kutsatuta, positiboa eman zuen baina informazioa kaleratu ondoren jakin zen positibo hori faltsua zela.

Ignacio Garitano, Osakidetza eta Osasun Sailaren koordinatzailea. (IREKIA)
Ignacio Garitano, Osakidetza eta Osasun Sailaren koordinatzailea. (IREKIA)

Ignacio Garitano covid-19rako Osasun saila eta Osakidetzako koordinatzaileak agerraldia egin du gaur astelehenean eta besteak beste albiste bat eman du, edo hobe esanda gezurtatu: aurreko osteguneko txostenak kontrakoa esaten bazuen ere, haur bat ez zen hil covid-19ak jota.

Azaldu duenez, lehenengo PCRak akatsa eman zuen eta informazioa emateko uneak ere nahastea areagotu du. Izan ere, lehenengo unean positiboa atera zen froga horretan, eta 0-9 urte bitarteko haurra orduan zendu zenez, honela agertu zen txostenean. Baina gero bigarren PCRaren emaitza jakin zen: negatiboa. Beste gaixotasunen ondorioz hil zen umea, beraz. Eta oraindik ez du adin horretako inork bizitza galdu Euskal Herrian covid-19ak eraginda.

Adin txikikoekin segituz, 3-16 urteko ikasleen artean dagoen kutsatze kopuruak azken bi asteotan behera egin duela nabarmendu du Garitanok. Gauzak horrela, ikasturte hasierak ez duela kalterik eragin ondorioztatu du, gelak berrireki zirenetik jada hiru aste pasa baitira. Egindako lana eta erakutsitako ardura txalotu du, bai familiei bai eta hezkuntza komunitateari ere helarazitako mezuan.

Orokorrean pandemiaren bilakaera «egonkorra» dela esan du koordinatzaileak, aurreko agerraldietan bezalaxe. Zainketa Berezien Unitateetan covid-19a duten pertsonen kopurua handituz joan da da eguneroko txostenean (55 lagun, aurreko astearen bukaeran 48 zirenean), baina ospitaleratzeen bilakaera apurka-apurka beheranzkoa dela nabarmendu nahi izan du Ignacio Garitanok.

ZBU horiei buruz, biharko txostenari begira ohartarazpen bat egin du koordinatzaileak: hemendik aurrera, PCR proban jada emaitza negatiboa duten pertsonak sartuko dituzte, eta ez, orain arte bezala, soilik egun honetan infektaturik direnak. Ondorioz, kopurua nabarmen igo daitekeela aurreikusten da, baina irizpide berri honek agerraraziko duen errealitatea benetakoagoa da Osakidetza eta Osasun Sailaren aburuz.