NAIZ

Lakuak urratsik egin ez duela eta, Bildarratzi asteazkenean biltzeko eskatu diote sindikatuek

Aurkezpeneko «kortesiazko bilerez» aparte, Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuari «behingoz gurekin eseri eta negoziatzeko bilera baterako» deialdia luzatu diote, «aurrez aurreko ikasturte seguru eta adostuak alde-anitzeko negoziazioa» behar duelako.

Irailaren 15eko Hezkuntzako greba Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)
Irailaren 15eko Hezkuntzako greba Gasteizen. (Raul BOGAJO/FOKU)

Irailaren 23an, EAEko hezkuntzan deituriko grebaren balorazioa egitearekin batera, hezkuntzako sindikatuek Hezkuntza Sailaren berririk gabe jarraitzen zutela adierazi zuten.

Geroztik, Hezkuntza Sailak ikasturte hasiera honetarako beharrezkoak diren baliabide gehigarriak adosteko negoziazio bideak ireki ez dituela salatu dute astelehen honetan.

Aurkezpeneko «kortesiazko bilerez» aparte, Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGTk kritikatu dute Lakuaren eskutik negoziatzeko bilera deialdirik ez dutela jaso.

Horren harira, sindikatuek «aurkezpen hauetara» joateaz gain, Hezkuntza Sailari «behingoz gurekin eseri eta negoziatzeko bilera baterako» deialdia luzatu diote.

«Asteazken honetarako, irailaren 30erako, Lakuan gela erreserba egin eta bertan egongo garela adierazi nahi diogu sailburuari», gaineratu dute.

Izan ere, «hainbestetan errepikatu» duten elkarrizketa hori gauzatzeko ordua heldu dela nabarmendu dute.

Aldarrikapenak «desaktibatzeko» bilerak

Irailaren 15eko grebaren aurretik, Jokin Bildarratz sailburu berriaren izendapena egin berritan, Hezkuntza Sailak sindikatuekin egindako aldebiko bilerak grebaren aldarrikapenak desaktibatzeko erabili zituela salatu dute.

Oraingoan ere, irailaren 10eko bilera horien ondoren esandakoak ekarri nahi izan dituzte gogora: «Forma desegokian eginikoak zirela, ez ziotelako egoerak eskatzen duen planifikazio eta baliabide hornikuntza bat abian jartzeko negoziaketa prozesu erreal eta eraginkor bati erantzuten».

Honenbestez, aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko bilerara agertu eta negoziatzeko jarrera zein edukiekin etor daitezela galdegin diote sindikatuek.

«Ez dezagun ahaztu ikasturtea hasi denetik hezkuntza komunitatea modu desberdinetan ari dela bere kezka, haserrea, eta Hezkuntza Sailaren arduragabekeria salatzen», azpimarratu dute.

Zentzu honetan, irailaren 15eko greban «kaleak betetzeaz» gain, ikastetxe zein kolektibo desberdinen arazoak azaleratzeko abian jarri diren ekimenak; elkarretaratzeak, adierazpen publikoak, «tuperradak», kaleko jantoki inprobisatuak edota zuzendaritza taldeetako dimisoak ugariak izan direla gogoratu dute.

«Ekimen eta mobilizazio hauen aurrean, oso modu partzialean eta mugatuan bada ere, Hezkuntza Saila erantzun mugatu batzuk ematera behartua izan da», adierazi dute sindikatuek.

Beraz, sindikatuen esanetan, egoerak eskatzen dituen «planifikazio integral eta irizpide komunak zein beharrezko baliabide gehigarriak negoziatzeko» ordua da.