NAIZ

EH Bildu ez dago ados Bilbon Eurokopako partaideentzat garraio publikoa doan izatearekin

Eurokopako partaideentzat garraio publikoa doan izan dadin Bilboko Udalak harturiko erabakia kritikatu du EH Bilduko udal taldeko bozeramaile Jone Goirizelaiak. Bilboko hiritarrek behar larriagoak dituztela nabarmendu du.

Bilboko autobus bat Arriaga antzokiaren parean.
Bilboko autobus bat Arriaga antzokiaren parean.

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, salatu duenez, Bilboko Udalak doako garraio publikoa ezarri nahi du Eurokopan parte hartuko dutenentzat. «Onartezina iruditzen zaigu, are gehiago Bilbon garraio publikoa hobetzeko inbertsioak beharrezkoak direnean, besteak beste, maiztasunak, auzoetarako sarbideak eta txartel bakarra hobetzeko helburuarekin», adierazi du. «Zergatik izango dute garraio publikoa doan Eurokopara joango direnek, eta ez gainerako bilbotarrek?», galdetu du.

«Horrelako neurriek diru publikoa xahutzea eta herritarrak argi eta garbi diskriminatzea dakarte», salatu du. Ildo horretan, Goirizelaiak gogorarazi duenez, «Ogasun sailetik, UEFAk espazio publikoaren okupazioagatik zerga guztiak ordainduko dituela ziurtatzen zen bitartean, tranpa egiten digute, eta garraio publikoaren doakotasuna ezarri nahi diete Eurokopako futbol partidetara joango direnei».

«Zentzugabekeria da, bilbotarrek Eurokopako partaideen garraio publikoaren gastuak beren gain hartzea nahi baita, baita ekitaldi honetako segurtasun-, animazio-, seinaleztapen-gastuak ere. Bestalde, UEFAk soldatarik gabeko mila boluntario errekrutatzeko asmoa duela gaineratu behar da», kritikatu du. «Argi dago ekitaldi honek eragina izango duela, baina, lehenengo, zentzu negatiboan, bilbotarren poltsikoan», gaineratu du.

Horren harira, Goirizelaiak esan du Bilboko herritarren lehentasuna ez dela «Eurokopa bezalako makro ekitaldi bat, mundu guztiak ulertzen duena airean dagoela, baizik eta euren benetako arazoei erantzuna ematea, pandemiaren ondorioz areagotu egin baitira: langabezia, ERTEak, etxebizitza…».

Horrela, Goirizelaiak Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko eta Merkataritza zinegotziaren adierazpenak izan ditu hizpide, eta galdetu dio «ea pertzepzio azterketarik egin duen bilbotarrek Eurokopa ‘emozionalki’ behar dutela ziurtatzeko»; izan ere, «oraindik ez daki egin ahal izango den, eta, egingo balitz, jendaurrean egin ahal izango den». Gainera, ezin bada egin, «zer gertatuko da enpresei hesietarako, animaziorako, autobusen antolakuntzarako… aurreratutako diruarekin?», galdetu du.
 
«Errezeta zaharrak eta iraungiak aplikatzen jarraitzen dugu, Eurokopa batek, bik edo hiruk krisiari irtenbidea emango diotela sinetsita», salatu du.