NAIZ

Bilboko Guggenheimek doan zabalduko ditu ateak asteburuan

Bilboko Guggenheim Museoak asteburuan 23 urte beteko dituela ospatzeko doan zabalduko ditu ateak urriaren 17an, larunbata, eta 18an, igandea, herritarrei eskerrak emateko urte hauetan guztietan eman dioten babesagatik. Sarrerak aurrez erreserbatzea gomendatzen du museoak.

Olafur Eliasson otsailean etorri zen bere erakusketa ikusgarria aurkeztera. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Olafur Eliasson otsailean etorri zen bere erakusketa ikusgarria aurkeztera. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Larunbatean eta igandean 11.00etatik 19.00etara Guggenheimera doazen guztiek doan ikusi ahal izango dituzte museoan ikusgai dauden askotariko erakusketak. Komeni da sarrerak aurretik webgunean erreserbatzea museoan sartu ahal izateko. Izan ere, gaur egungo egoera dela-eta, bisitari kopurua mugatu egin da ordu tarte desberdinetan.

Urriaren 14tik aurrera (asteazkena) erreserbatu ahal izango dira, online.

Proposamen anitza eta bitxia

Ikusgai dauden erakusketen artean, aipagarria da oso ‘Olafur Eliasson: bizitza errealean’ izenekoa. Ikusgarria da, galdu behar ez den proposamena, bitxia oso. Olafur Eliasson artista daniar-islandiarrak esperientzia sentsorial eta murgiltzaile bat eskaintzen du, natura nabarmenduz. Ur-jauzi batek, goroldioz estalitako horma batek, kolore anitzeko lainoak, ortzadar batek edo koloreak desagerrarazten dituen gela batek bisitarien zentzumenekin jolastuko dute.

‘Lee Krasner. Kolore bizia’ erakusketan, bestalde, Lee Krasnerren obra txundigarria eta sortze ahalmena ezagutzeko aukera izango da. Artista estatubaturra espresionismo abstraktuaren aitzindarietako bat izan zen.

‘Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948–1958’ erakusketan, jaio zenetik ehun urte beteko direnez, Lygia Clark margolari brasildarraren obra goiztiarra ikusi ahal da. Azkenik, ‘William Kentridge: 7 atal’ erakusketa loreografia eta marrazkiak uztartzen dituen bederatzi pantailaz osatutako bideo-instalazio murgiltzaile bat da.

Eta, horretaz guztiaz gain, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak ere ikusteko aukera dago; besteak beste, ‘Denboraren materia’ (Richard Serra), ‘Bilborako instalazioa’ (Jenny Holzer) eta Mark Rothko, Yves Klein, Andy Warhol eta Jean-Michel Basquiaten artelan txundigarriak.