NAIZ
BILBO

Mikel Urdangarin, zuzenean eta streaming bidez, igande honetan Loraldian

Esperientzia berri bat proposatu die bere jarraitzaileei Mikel Urdangarinek Bilboko Loraldia jaialdiaren baitan, igande eguerdian musika eta hitzak lotuko baititu streaming bidez jarraitu ahal izango den solasaldi-kontzertuan. Arratsaldean Euskalduna jauregian kontzertua eskainiko du.

Mikel Urdangarin, lehenengo aldiz bakarrik pianoarekin oholtzan. (LORALDIA)
Mikel Urdangarin, lehenengo aldiz bakarrik pianoarekin oholtzan. (LORALDIA)

Eszenan piano bat. Alboan, Mikel Urdangarin eta Ilaski Serrano solasaldi gozoan, ‘Esperientzia digitala: Gure herriaren soinu banda’ deitu dioten proposamenean, Urdagarinen musika unibertsoa gure herriaren soinu banda delako.

Hitzordua biharko dago jarrita, eta Euskalduna jauregitik, 12.30ean hasita, 60 minutuko iraupena izango duen hitzordu berezia atondu da. Loraldia jaialdiaren webgunean eta EiTBkoan zuzenean jarraitu ahal izango den hitzordu honetan ez dira faltako lagunak: Karmele Jaio, Elizabeth Macklin eta Txani Rodriguez idazleak.

Esperientzia digital honetan Mikel Urdangarinek zuzen-zuzenean errepertorioaren hainbat kanta eskainiko ditu pianoarekin lagunduta. Sentimentuz beteriko kantak, lagunen erreferentziak, bizipenak… herri baten soinu banda.

Eta ordu batzuk geroago, 19.30ean zehazki, Euskalduna jauregian, kontzertu berezia eskainiko du Zornotzako musikoak. Duela hogei urte Mikel Urdangarinek bigarren eskuko piano bat erosi zuen baina teklei ez zien ekin duela bi urtera arte. Aurkikuntza honek zabaldu dio mundu berri bat, musika sentitzeko bide berria, alegia.

Kantautorea lehenengoz bakarrik pianoarekin agertuko zaigu oholtzan. Errepertorio zaharra izango du abiapuntu, azken bi urteetan ondutako bertsioak plazaratzeko asmoarekin baina sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe.