NAIZ

Niña Coyote eta Chico Tornadoren ‘Aitzstar’ lana, Euskarazko Album Onena MIN sarietan

Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak jaso du Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria MIN Sarietan. ‘Aitzstar’ lanean, euren rock pisutsuaren kutsua bide berrietatik eraman du bikote donostiarrak. Estatu espainiarreko Musika Independentearen industriak Kiko Venenoren ‘Sombrero roto’ lana izendatu du Urteko Album Onena.

Niña Coyote eta Chico Tornado, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Niña Coyote eta Chico Tornado, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bart izan da Estatu espainiarreko Musika Independentearen MIN sarien banaketa ekitaldia. Lehenbiziko aldiz telebistaz ikusi ahal izan den eta agertoki ezberdinetatik zuzenekoak eskaini dituen galan, Niña Coyote eta Chico Tornado taldea izan da Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria jaso duena, ‘Aitzstar’ lanari esker. Bigarren aldia da talde honek sari hau irabazten duena.

Niña Coyote eta Chico Tornado rock bikote donostiarrak kaleratutako hirugarren lan luzea dugu ‘Aitzstar’ (2019), hain zuzen ere «rock izar» terminoarekin hizkuntzen arteko jolasa eginez izendatu dutena. 11 abestiz osatutako disko honek euren rock astuneko kutsua mantentzen du, berritasuneranzko bide argia eginez.

Euskarazko disko onenaren saria irabazteko hautagai ziren gainerako taldeen artean Zea Mays, Doctor Deseo, Zetak eta Maite Larburu zeuden.

Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen dituen MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoitzitako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.

Etxepare Euskal Institutuak 2014. urteaz geroztik babesten du Euskarazko Album Onenaren Saria MIN Sarietan, euskaraz egindako musikari estatu mailan ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Aurreko urteetan Berri Txarrak, Jabier Muguruza, Niña Coyote eta Chico Tornado, Delorean eta Ruper Ordorika izan dira talde sarituak.

Kiko Veneno eta beste sarituak

Katalanez grabatutako diskorik onena Manel taldearen ‘Per la bona gent’ izendatu zuten eta galegoz, Os Amigos Dos Musicos taldearen ‘Segundo fogar’ lana.

Gainerako atalei dagokienez, Kiko Venenoren ‘Sombrero roto’ lanak Urteko Album Onenaren The Orchard saria jaso zuen, eta sari gehien jaso zituztenak Novedades Carminha taldekoak izan ziren, hiru sariekin (Artista Onenaren saria, Pop Album Onenaren eta Zuzeneko Onenaren saria). Nazioarteko artistarik onena, Nik Cage eta The Bad Seeds.