Arnaitz Gorriti

IDK Euskotren eta Araskik denboraldiko aurreneko derbia jokatuko dute Donostian

Talde bakoitzak bere hutsuneei aurre egiten jakin beharko dute: gipuzkoarren hiruko jaurtiketetan duten gabeziari; gasteiztarrek, Tamara Seda gabe saskipean duten zuloari.

Tamara Seda jokatzeak edo ez jokatzean asko alda lezake Josean Gascako derbia. (Jon URBE / FOKU)
Tamara Seda jokatzeak edo ez jokatzean asko alda lezake Josean Gascako derbia. (Jon URBE / FOKU)

Hamar egunen epean lau jardunaldi jokatu behar dituzte Emakumeen Endesa Ligako taldeek, tartean bi euskal derbi: asteazken honetan, 20.00etatik aurrera, IDK Euskotren eta Kutxabank Araskik neurtuko dituzte indarrak eta larunbatean, Mendizorrotza kiroldegian, Araskik Lointek Gernika Bizkaia jasoko du. Arazo fisikoak izan ala ez, horrelakoa da Emakumeen Liga honetako egutegia eta hortara ohitu behar.

Josean Gascako derbia izango da euskal taldeek 2020/21 denboraldian jokatuko duten aurrenekoa, eta biek ala biek pasa den jardunaldiko aho zapore txarra atzean lagatzea izango dute xede. Estudiantesen aurka etxean galdu zuten arabarrek eta Azu Muguruzarenek, berriz, Al-Qazeresen kantxan burua makurtu behar izan zuten partida estu baten ondoren. Bada, derbian auzokideari gailentzea baino gehiago bilatuko dute oraingoan.

Bertuteak azpimarratzea ongi dago, baina kasu honetan hutsuneak betetzeko beharra gailentzen da. Alegia, bai IDK Euskotrenek nola Araskik hutsune nabarmenak dauzkatela, eta hortik joango direla bere arerioaren saiakerak. Adibidez, talde donostiarrak kanpoaldean du bere gabezia nagusiena. Al-Qazeresen aurka 12 hirukotik 2 baino ez zituen sartu, eta aurkariak 19tik 9. Horrez gain, donostiarrek 21 baloi galdu zituzten. Nekez irabazi liteke halako atarramenduarekin.

Araskiri dagokionez, Estudiantesen aurka Tamara Sedak min hartu zuen sorbaldan eta azken ordura arte zalantza izango da. Larunbatean argi geratu zen Tamara Seda jokatzeko ez badago, Abalde eta Laura Pardorekin ez dela aski. Madelen Urietarenek errebotea galdu zuten azken minutuetan eta Estudiantesek ahulgune hori baliatu zuen partidari azken orduan buelta emateko.

Hori gutxi ez eta, Araskiren punturik indartsuena kanpoko jokoa da, batez ere Laura Quevedo bikain ari baita. Bestetik, IDK Euskotrenen indargunea barruko jokoa da, Coulibaly, Toch Sarr eta Meiya Tirerarekin. Non min eman dezaketen eta non hartuko duten min talde biek dakite; egoera hortan hobekien baliatzen dakienak eramango du derbi hau.

Gernika, etxean berriro

Gaueko 21.00etan Malostera itzuliko da Lointek Gernika Bizkaia. Joan den asteburuan Logroñoko Campus Prometeren aurka galdu zuten bizkaitarrek, beste behin erakutsiz etxetik kanpora eskaintzen duen errendimendua asko jaisten dela.

Gernikarren aurkaria Extremadurako Al-Qazeres izango da. Talde biek 2-3ko balantzea dute eta etxean egiten dute lanik onena. Mario Lopezenek derrigor berreskuratu beharko dute beren mailarik onena, Logroñon bezain pattal jokatuz gero ez baitago aukera handirik. Orduko hartan jaurtiketen %30 bakarrik asmatu zuten bizkaitarrek eta jaurtiketa libreetan 11tik 3 bakarrik sartu zituzten. Egindako akatsak zuzenduz gero aukera izango dute Mario Lopezenek Logroñoko estrapozua ahaztu eta sailkapenean gorantz hasteko.