NAIZ

Kuba eta Venezuelarekin harremanak berrabiatuko ditu Boliviak, Arce gobernuburu dela

Kuba zein Venezuelarekin harreman diplomatikoak berreskuratzea eta Mexikoko Enbaxadan Estatu-kolpea gertatu zenetik gordeta zirenei kaleratzea erraztea izango dira Luis Arceren lehenengo ekimenak, Boliviako kargu gorena hartuko duenean. Botu zenbaketa motel doa baina inork ez du garaipena zalantzan jartzen.

MASeko botuemaile bat, pozarez pozez emaitzarekin. (Ronaldo SHCHEMIDT | AFP)
MASeko botuemaile bat, pozarez pozez emaitzarekin. (Ronaldo SHCHEMIDT | AFP)

Bolivian boz zenbaketa ez da oraindik %50tik pasatzen eta gainera etenaldi tekniko bat gertatu da astearte honen arratsaldean, ezintasun informatikoak direla eta. Hala ere, inork ez du zalantzan jartzen Evo Moralesen MAS alderdiak garaipen garbia lortu duela eta Luis Arce izango dela Gobernuburu berria.

Ondorioz, egingo dituen lehenengo urratsen berri ematen hasi da Arce. Efe espainiar albiste ajentziari eginiko adierazpenetan, Kuba, Venezuela eta Iranekin harremanak berrabiatuko dituela baieztatu du, Estatu-kolpearen ondorioz boterea hartu zuen Jeanine Añezek eten ostean.

«Harreman guztiak berrartuko ditugu. Aurreko Gobernuak kutsu ideologiko handiz jokatu du eta Kubako arreta medikua, Errusiako botikak edota Txinako aurrerapenak kendu dizkio Boliviako herriari. Horrekin herritarrak arriskuan jarri ditu, inolako beharrik gabe eta kalte handia eraginez», argudiatu du Arcek.

«Herrialde guztiekin» harreman ona nahiko lukeela esan du hauteskundeetako irabazleak, horretarako baldintza bakarra «gure burujabetza errespetatzea» dela aipatuz.

Honekin batera, duela urtebete Boliviako hiriburu den La Pazen Mexikok duen Enbaxadan beren burua gordeta duten funtzionari eta Gobernu ordezkariei ateratzeko aukera emango dietela baieztatu du MASeko hautagaiak. «Horretarako agiria eskatu dute eta guk emango diegu, jakina, nazioarteko araudia betez. Beraiek jakingo dute zer egin horrekin».

Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako ordezkari nagusia izan da Boliviako emaitza ontzat hartu duen azkena. Twitter bidezko mezu batean hauteskundeak «giro baketsuan» gertatu direla nabarmendu du.