Naiz

Mikel Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrenean hainbat ekimen antolatuko dituzte

«Gertatutakoa ez ahazteko» hainbat ekimen antolatuko dituzte datozen asteetan, Mikel Zabalzaren heriotzaren 35. urteurrena betetzen denean. Lehenbizikoa, azaroaren 8an, Agoitzeko kultur etxean izanen da, non ‘Adiorik gabe’ adierazpen artistikoa eramanen duten eszenatokira.

Mikel Zabalzari egindako omenaldi bat, Donostiako Zuloaga plazan. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Mikel Zabalzari egindako omenaldi bat, Donostiako Zuloaga plazan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Datozen asteetan 35 urte beteko dira Mikel Zabalza orbaiztarra hilik agertu zenetik eta herri mugimenduak hainbat ekimen antolatuko ditu «gertatutakoa ez ahazteko». Zabalza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Donostian eta Intxaurrondoko koartelera eraman zuten. Abenduaren 15ean bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen, tortura zantzu nabarmenekin.

Lehenbizikoa, azaroaren 8an, Agoitzeko kultur etxean izanen da. Bertan, 2016. urtean egindako 'Adiorik gabe' adierazpen artistikoa taularatuko dute, bizikidetza gaia ardatz hartuta. Mireia Gabilondok zuzendutako pieza da. «'Adiorik gabe' adierazpen artistikoak erauzi zizkiguten pertsonen oroimena berreraikitzen du, eta gizarteari espazio bat eskaintzen dio biktimekiko zirrarak, enpatia eta elkartasuna agertzeko», azaldu dute antolatzaileek.

Sarrera librea izanen da, baina covid-19aren hedapena geldiarazteko neurriak direla eta, lekua erreserbatzea ezinbestekoa da. Izan ere aforoa mugatua da. 646 50 69 52 telefonoan egin daiteke. Gainontzeko deialdien berri datozen egunetan emanen dute.

Era berean, duela hilabete estreinatu zuten, Donostiako Zinemaldiaren baitan, Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas ‘Pituk’ egindako ‘Non dago Mikel?’ dokumentala, zeinek harrera benetan beroa izan duen.