Haritz Larrañaga

Minutu bateko isiluneak Ipar Euskal Herriko herriko etxeen aitzinean Samuel Patyren omenez

Joan den asteko ostiralean, hilak 16, Paris inguruko ikastetxe batean burua moztu zioten Samuel Paty irakaslearen omenez elkarretaratze andana burutu dira gaur arratsaldean Ipar Euskal Herriko hainbat herritan. Banderak masta erdian jarri dituzte herriko etxeek eta minutu bateko isiluneak antolatu dira hainbat herritan.

Donibane Lohizunen herriko etxearen aitzinean bildu dira hautetsiak eta herritarrak. (Bob EDME)
Donibane Lohizunen herriko etxearen aitzinean bildu dira hautetsiak eta herritarrak. (Bob EDME)

Paris inguruan den Conflans-Sainte-Honorine herriko ikastetxe batean irakasle zen Samuel Patyren hilketaz geroztik haren omenezko ekitaldiak ugariak izan dira eta gaur herriko etxeek deialdi berezia egin dute herritarrekin batera minutu bateko isiluneak antolatu eta «balore errepublikanoen defentsan elkartzeko», nabarmendu du Emmanuel Alzurik, Bidarteko auzapezak.

Lehen elkarretaratzea Biarritzen izan da arratsaldeko 14.50ean. Horrela, Mayder Arosteguy auzapezak bat egin du ikasle eta irakasleek herriko etxe atarian egin duten elkarretaratzearekin. Bidarten, arratsaldeko hiruretan bildu dira herritarrak eta hautetsiak, eta baita Donibane Lohizunen ere. Angelun arratsaldeko 17.30erako egin dute elkarretaratze deialdia. Baionan eta Hendaian, ostera, arratsaldeko 18.00etan burutuko dira hildako irakaslearen aldeko omenaldiak.

Mobilizazio andan

Urriaren 16an burua moztu zion Samuel Paty irakasleari 18 urteko gazte txetxeniar batek eta ordutik mobilizazioak eta omenaldiak etengabeak izan dira Estatu frantsesean. Testuinguru horretan burutu zen Baionan iragan igandean, hilak 18, Suprefetura aitzinean mila pertsona bildu zituen elkarretaratzea.

Irakaskuntzako sindikatuek deitutako mobilizazioaren amaieran FSU sindikatuko ordezkariak egin zuen hitzartzean adierazi zuenez, «Paty hil zuten adierazpen askatasuna irakasten zien ikasleei Mahomaren karikatura bat erakutsi zielako».

«Irakasteko misioa ezarri zaien irakasle guztiek haien lanbidean sostengatuak izan behar» direla nabarmendu zuten hezkuntza arloko sindikatuen ordezkariek, eta amaieran, zera azpimarratu zuten: «Gorrotoari, askatasuna, berdintasuna eta anaitasunarekin erantzungo diogu».