NAIZ

Aiaraldeko egoera ekonomikoa berraktibatzeko ponentzia aho batez onartu du Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onartu du Aiaraldea eskualdean gizartea eta ekonomia suspertzeko EH Bilduren ekimena. Unai Fernandez de Betoño EH Bilduren legebiltzarkidearen arabera, «koronabirusaren krisia gogor jotzen ari da aurretik gainbehera sozioekonomikoan jada zeuden eskualdeetan eta horietako bat Aiaraldea da».

Tubacex enpresa, Amurrion; kaleratzeak aurreikusi dituzte. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Tubacex enpresa, Amurrion; kaleratzeak aurreikusi dituzte. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Aiaraldeko egoera sozioekonomikoa berraktibatzeko ponentzia berrabiaraztea onartu du gaur aho batez Gasteizko Legebiltzarrak. EH Bilduren ekimena izan zen aurreko legealdian, baina hauteskundeen aurrerapenak lanak etenda utzi zituen. Orain, EAJ eta PSErekin batera, erbidideko bat adostu da Legebiltzarrean.

Horren ondorioz, aurrekoan jasotzen ez zen elementu berri bat agertu da, covid-19a, hain zuzen ere. «Koronabirusaren krisia gogor jotzen ari da mundu mailan, bereziki gogor jotzen ari da aurretik gainbehera sozioekonomikoan jada zeuden eskualdeetan eta horietako bat Aiaraldea da», azpimarratu du Unai Fernandez de Betoño EH Bilduren legebiltzarkideak. Eztabaida zuzenean jarraitu dute Parlamentutik Aiaraldeko EH Bilduren hainbat ordezkarik.

EH Bilduko legebiltzarkideak krisiaren aurreko eskualde honetako datuak gogoratu ditu; «oraingo honetan larriagoak dira hainbat adierazle eskualde horretan». Horien artean, langabezia tasa Laudion eta Amurrion, %17koa, EAEko batezbestekotik 4 puntu gorago. Horrez gain, «Tubacex, Tubos Reunidos, Valvospin eta Artiach enpresetan kaleratzeen mehatxuak daude; lan prekarietatearen ondorioz, iaz Aiaraldean egin ziren kontatuen %90a baino gehiago behin-behinekoak izan ziren eta azken 11 urteotan eskualdean 20 hildako egon dira lan istripuetan», azaldu du Fernandez de Betoñok. Zahartze tasa, bigarren eta etxe hutsen kopurua edo mugikortasuna dira legebiltzarkideak aipatutako gaur egun eskualdeak dituen beste arazoak.

Epe laburrean, ponentzia horren helburua eskualde mailako talka-plan bat eta, epe luzeago batera ikusita, plan estrategiko bat egitea dela azaldu du EH Bilduk. Parlamentariak gogoratu duenez, «aurretik Oarsoaldean zein Ezkerraldean abian jarri dira horrelako ekimenak eta esperientzia aberasgarria izan da».

EH Bilduren lantaldea

Fernandez de Betoño bera izango da EH Bilduren ordezkaria ponentzia horretan. Baina horretaz gain, EH Bilduk lantalde bat osatu du eskualdean eta Irune Iturbek (Amurrioko zinegotzia) eta Jabi Asurmendik (Arakaldoko alkatea) koordinatuko dituzte eskualdeko lanak. Aurreratu duenez, EH Bilduk eskualdeko eragile sozial, sindikal, ekonomiko eta instituzionalekin batera egin nahi du prozesua.

Hori dela eta, datozen asteetan bilera sorta bat jarriko du martxan sindikatuetako ordezkariekin, enpresa batzordeekin, merkatarien elkarteekin, industrialdeetako kudeatzaileekin, kultura eta hezkuntza eragileekin eta lehen sektoreko ordezkariekin, besteak beste, prozesu horretan parte hartzera gonbidatzeko.