NAIZ
BILBO

Euskal zinemagileen lanak gailendu dira Bilboko Zinema Ikusezinaren nazioarteko jaialdian

Bilboko Zinema Ikusezinaren XXII. edizioko palmaresak Euskal Herriko zinema soziala saritu du. Iluntzean jakitera eman dira saridunak eta hauen artean daude Itxaso Diaz ‘La historia de todas nosotras’ izenburuarekin, Estibaliz Urresola ‘Nor-Nori-Nork’ lanarekin eta Jone Guenetxea eta Carlos Iglesias ‘Jantzari: Tradizioa eta parekidetasuna’ obrarekin.

Estibaliz Urresolaren ‘Nor-Nori-Nork’ filma da sarituetako bat. (NAIZ)
Estibaliz Urresolaren ‘Nor-Nori-Nork’ filma da sarituetako bat. (NAIZ)

Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren nazioarteko jaialdiko XXII. edizioaren ateak itxi ditu ostegun honetan ospatu duen amaiera ekitaldien irabazleen izenak eta lanak zeintzuk diren aditzera emanez. Epaimahaiak erabaki duen palmaresa aintzat hartuta, ondorioztatzen da euskal zinema gailendu dela.

Euskaraz egindako lanik onenaren saria ‘Nor-Nori-Nork’ lanarentzat izan da, Estibaliz Urresolak zuzendua, eta atal honetan aipamen berezia jaso du Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren ‘Mateoren Ama’ lanak.

Giza Eskubideen saria ‘Kalipay’ filmarentzat izan da, Federico Cardelesek Estatu espainiarra eta Filipenk artean grabatua. Aipamen berezia jaso du  ‘18 meses descifrando los ojos de dulce’, Pedro Roberto Jimenezek sinatua.

Genero Berdintasunaren saria Euskal Herrian gelditu da. Jone Guenetxea Arrindak eta Carlos Iglesiasek zuzendua, ‘Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna’ izan da garaile edizio honetan. Beste hainbeste gertatu da emakume batek egindako lanari ematen zaion saria, Itxaso Diazentzat izan baita ‘La historia de todas nosotras’, Euskal Herria eta El Salvadorren artean garatua. Bi kategoria hauetan aipamen berezia jaso dute, hurrenez hurren, Alvaro Gagoren ‘16 de decembro’ lanak eta Ghasideh Golmakani iraniarraren ‘Horn’ filmak.

Zinema Ikusezina publikoaren saria Helena Bayonaren ‘Romipen’ lanarentzat izan den bitartean, beste izenburu hauek osatzen dute palmaresa: ‘Cho Ukayib’al’ (Garapen Iraunkorraren saria), ‘Iriowenasi. El hilo de la Luna’ (Kulturartekotasunaren saria), ‘El monstruo Invisible’ (Film Sozialak Zinema Ikusezinaren saria), ‘Era yo’ (Balio Hezkuntzaren saria), Euskal Herrian egindako ‘No sé: En la Ópera’ (Invisible Express saria), ‘Oye Siri’ (Invisible Expres publikoaren saria).

Zinemaldiak berak berretsi duenez, berdintasunaren aldeko apustuari eutsi dio, eta gogorazi du lehiaketan izan diren 84 filmetatik ia-ia erdia emakumeek zuzendutakoak izan direla. «Proportzio hori nabaria izan da zinema sozialaren jaialdiko sarietan; izan ere, %78 emakume filmegileek jaso dituzte», baloratu dute.

Lan sarituak, doan eta on line

Hamabigarren edizioan nabarmendu diren gaien artean daude, besteak beste, genero desparekotasuna, bazterkeria, natura-baliabideen ustiapenak komunitate indigenetan, haurrengan eta pobrezian duen eragina, genero-dibertsitatea eta migrazio-politiken ondorio suntsitzaileak.

Azkenik, gogorarazi dutenez, berritasun gisa aurten jaialdiko saridunen lanak online ikusteko aukera egongo da. Urriaren 26tik 30era bitartean saritutako film guztiak doan ikusi ahal izango dira www.filmsozialakstreaming.org atarian.