NAIZ

Ordiziako San Jose adinekoen egoitza plantilla txikiagoarekin berriz ireki dutela salatu du ELAk

ELA sindikatuak Ordiziako San Jose egoitza plantilla gutxiagorekin berriz ireki dutela salatu du ostegun honetan, eta pandemiaren aurreko olatuan, «langilerik, baliabiderik eta egitura arkitektoniko egokirik ez zegoenez, bertan bizi zirenen %50 hil zirela» ohartarazi du.

ELAren prentsaurrekoa Ordiziako San Jose zahar-egoitzaren egoera salatzeko. (ELA).
ELAren prentsaurrekoa Ordiziako San Jose zahar-egoitzaren egoera salatzeko. (ELA).

Donostian egindako prentsaurreko batean, langileen ordezkariek gogorarazi dute koronabirusez kutsatuentzako Ordiziako San Jose egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiko Kabia erakunde autonomoak zuzentzen duela, eta zehaztu dute bertan lan egiten dutela Kabiako 13 langilek eta Eulen Servicios Sociosanitarios enpresako 55ek.

Adierazi dutenez, pandemiaren lehen hilabeteetan, zentro horretan 68 erabiltzaileetatik 54k eman zuten positibo, eta 34 pertsona hil ziren (horietatik 25 koronabirusarengatik hil ziren, eta beste 9 baieztatu gabe), «Gipuzkoako ehunekorik altuena». Bestalde, 25 langile kutsatu ziren, eta horietatik zazpi ospitalera eraman behar izan zituzten ELAk eman dituen datuen arabera.

San Jose egoitza joan den ostegunean ireki zuten berriz, eta egoiliarrak ostiralean hasi ziren iristen. Sindikatuak ziurtatu duenez, hainbat eskaera eta salaketaren ostean, «legearen arabera langileekin negoziatu behar den kontingentzia plana eman ziguten irekieraren bezperan».

ELAk salatu duenez, Ordiziako egoitza horretako zerbitzuak «lehen baino laguntzaile gutxiago izango ditu», eta koronabirusaren pandemiaren aurretik 15 erabiltzaile artatzeko hiru laguntzaile bazeuden ere, «orain solairu batean 18 lagunentzako hiru laguntzaile daude, beste batean 19 lagunentzako beste hiru eta beste batean 21 lagunentzako beste hiru, eta arratsaldean solairu bakoitzeko bat gutxiago».

Halaber, txanda bakoitzean 58-60 egoilarrentzat erizain bakarra egongo dela salatu du ELAk, eta baita ere egunean 20 orduz ez dela medikurik egongo.

«Ondorio larriak»

Horren guztiaren ondorioak «oso larriak» direla ohartarazi dute, «bai langileentzat, bai erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuarentzat».

«Langileok covid-arekin gaixo dauden aiton-amonen higienea egiteko 3 minutu dauzkagu, kronometratzen gaituzte. Horretarako, egunero dutxatu ordez toallita batzuk erabili behar ditugu, bestela ez da posible denbora hau betetzea», salatu dute.

Halaber, irekieraren lehen egunetako «kaosa» kritikatu dute: «Zentrura gaixoak iristen joan diren heinean, ez digute bakoitzaren informaziorik eman, diabetikoak diren, dependienteak diren, ezta nola deitzen diren ere».

Hau guztia salatzeko dei egin diete langileei, senideei eta eragile eta norbanako guztiei Ordizian elkarretaratzea egiteko ostiral honetan, 11.00etan, plazan.