NAIZ

Protestak Polonia osoan barrena, Konstituzionalak abortoa kasu larrietan ere debekatu ondoren

Fetuaren malformazioa gertatzen denean ere abortoa debekaturik geratu dela jakin ostean, dozenaka protesta piztu da gaur Polonian, milaka eta milaka lagun kalera ateraz. Haserre giroan, Poliziaren aurka harrika hasi dira zenbait tokitan.

Varsovian emakumeak kalean. (Janek SNARZYNSKI | AFP)
Varsovian emakumeak kalean. (Janek SNARZYNSKI | AFP)

Poloniako Entzutegi Konstituzionalak hartutako erabakiak sutan jarri du hiritar asko. Izan ere, fetuaren malformazioa gertatuta ere ezin izango da abortorik egin. Entzutegi nagusia, Gobernuaren alderdiak horretara bultzatuta, ez dela legezkoa eta jazarria izan behar dela agindu berri du.

Legea eta Justizia (PiS polonieraz) alderdikoak ziren auzia Entzutegi Konstituzionalera eraman zuten 119 diputatuetako gehien-gehienak, iaz jarritako helegite baten bitartez. Eta garaipena lortu dute, orain arte legeak uzten zuen aukera bakarrenetakoari atera itxi baitzaio.

2019 urtean 1.110 aborto baino ez zen gertatu Polonia osoan (40 milioi biztanle, Europako herrialde handienetakoa beraz). Eta horietatik %97a fetuaren arazoengatik gertatu zen. Ia erdia, Down sindromea zuten fetuak ziren.

Gauzak horrela, abortatzeko aukera bakarra amaren bizitza arriskuan egotea edota haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa izatea da.

Horrekin batere konforme ez direla adierazteko, milaka lagunek manifestazioa egin dute Varsovian eta Poloniako beste hiri handienetan.

Zenbait tokitan Poliziaren aurka egin dute emakumeek (hiriburuan hamabost atxilotu dituzte) eta beste hainbat hiritan Gobernuko alderdiaren egoitzara eraman dute beren haserrea. Baina Gobernuak esan du ez dituela aldarrikapen horiek zilegitzat hartzen eta gogor egingo duela.