Ane URKIRI
Donostia

Dispertsioak mendekua beste zentzurik ez daukala ohartarazi dute ‘Resolution’ mosaikoan

‘Resolution’ mosaiko handia osatu dute 600 euskal herritar inguruk Paris eta Madrilek ezarritako salbuespenezko espetxe politikak «zentzurik ez» daukala ohartarazteko eta emandako urrats txikiak egoera normalizatzeko nahikoa ez direla gogorarazteko. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos alderdi politikoetako ordezkari zein ELA, LAB eta UGT sindikatuetakoek bat egin dute aldarrikapenarekin, besteak beste.

Kontxako hondartzan 600 lagun inguru batu dira "Resolution" mosaikoa osatzeko. (SARE)
Kontxako hondartzan 600 lagun inguru batu dira "Resolution" mosaikoa osatzeko. (SARE)

«Konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egiteko borondate irmoa duen jendarte baten irudia» islatu dute Donostiako Kontxako hondartzan Euskal Herriko 600 lagun inguruk, Sarek eginiko deialdira atxikituz.

Asier Aginako preso ohiaren heriotza jazo eta gutxira eginiko mobilizazio honek, Durangoko gaztea izan du oroimenean. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi legez, «ez baita kasualitatea izan, baizik eta salbuespenezko espetxe politikaren ondorioa». 

Hasiera batean, mosaiko erraldoia deitu zuen euskal presoen eskubideen aldeko dinamikak baina covid-19aren agerraldi kezkagarriaz jabetuta, mobilizazio moldatzea erabaki zuten antolatzaileek. Hala, 600 lagunera mugatu zuten elkarretaratzea, Madril eta Parisko gobernuek inposatutako dispertsioari «ozen» ezezko irmoa adierazteko.

«Oso argi baitugu, sistema demokratiko baten kalitatea neurtzeko parametro lagungarrietako bat preso diren pertsonen eskubideen errespetuan oinarritzen dela eta tamalez, Estatu espainiarra ez da materia hau gainditzen ari», adierazi du Bego Atxak, Sare Herritarra dinamikako bozeramaileetako batek. Berarekin batera, Joseba Azkarraga kideak irakurri du amaiera ekitaldiko hitzartzea, Kontxako hondartzaren bueltan kuriositatez betetako zenbait pertsonen begiradapean.

Konponbiderako urratsak emateko garaia –eta horregatik Resolution leloa–, aurrera begiratzeko unea delakoan, konfrontazio etapa garaitzea da «aurrera egiteko modu bakarra; ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe».

Adin altuko edo larriki gaixo dauden presoak berehala aske geratzea, urruntze politika amaitzea eta etxeratze prozesua martxan jartzea dakarren gradu progresiboa ahalbidetzea izan dira Kontxako hondartzan eginiko aldarrikapen nagusiak, aterkin zurien babespean eta «Euskal presoak, Euskal Herrira» lelopean.

Jendartearen gehiengoaren babesa

Larunbat honetako mobilizazioa oso garrantzitsutzat jo dute antolatzaileek, «espetxe politika krudel hau aldatu dezaten eskatzeko berme garrantzitsuena» dela iritzi dute. Izan ere, euskal jendartearen gehiengoaren aldarrikapena dela gogoratu dute. Ideia bera nabarmendu dute mobilizazioaren aurretik kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoetako ordezkariek, zein ELA eta LAB sindikatukoek.

Hala, Sarek hauei eskatu die mantendu ditzatela aktibo Euskal Herrian auzi honetan lortutako akordio zabalak eta atera ditzatela agendatik desadostasunak; «eta atera ezazue konfrontazio eremutik espetxeen auzia, akordioen agendara eramateko». Bide honetan, Azkarragak zehaztu du egiten dutela egiten dutela beti jasoko dutela kritikaren bat Madriletik.

Era berean, onartu dute eman direla zenbait urrats txiki, hainbat presoen lekualdetzeekin eta familia batzuentzat lasaitasuna suposatu duela Granada, Caceres edo Sevillara joan beharrean Estremera edo Topasera joan behar dutelako: «Baina uko egiten diogu egoera normaltzen ari denaren sinesmenari».

Urruntze politikarekin amaitzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzean oinarritzen dela argitu dute, «eta ez, oraindik ere Euskal Herritik 300 kilometrotara dauden presondegietara lekualdatzean. Horregatik ausardia eskatzen dugu; hitzak ekintza izatera igaro daitezen eskatzen dugu».

«Mendeku honek amaitu behar du», esan du ozen Bego Atxak. Izan ere, «ze zentzu dauka ez bada mendekuagatik bisita minutu bakoitzagatik presoen senideek 40 kilometro egin behar izateak».

Covid-19ak egoera are gehiago larriagotu

Covid-19aren pandemiak eragindako egoerak gizabanako baten egunerokoa asko baldintzatu badu, presoen egoera are larriagoa dela ohartarazi nahi izan dute. Espetxeetan ez baitago distantzia sozialerako aukerarik ez eta osasun segurtasunik. Honez gain, kanpo komunikazioak murriztuak izan dira, bis a bisekoak eten egin dira eta egun 90 motxiladun haur baldin badaude, horietariko askok zortzi hilabete baino gehiago daramatzate euren ama, aita edo biak besarkatu gabe.

Gogoratu dute hilaren 13an Estatu espainoleko 300 jurista baino gehiagok bat egin zutela Sarek osatutako dokumentu batera.

Euskal presoek Euskal Herritik urrun pasatzen duten egun bakoitzeko sufrimendua gehigarri eta lege haustura egun bat gehitzen dela eta larriki gaixo dauden presoek espetxean pasatzen duten egun bakoitzeko, senideekiko urrunduta heriotzatik gertuago dauden egun bat gehiago gehitzen dela ideiekin ados agertuz.

Urtarrilaren 9an, modu batean edo bestean, urteroko hitzordua mantendu eta Euskal Herriko kaleetan aldarrikapen berdinekin elkartuko direla aurreratu dute.