NAIZ

Errigorak elkartasun-planteamendu berri batekin abiatu du udazkeneko kanpaina

Errigorak «urteroko tankeran» baina berritasunez beteta aurkeztu du kanpaina. Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko ditu eta jasotakoaren laurdena bertako euskalgintzara bideratuko da. Honez gain, Agerraldia urteko agenda antolatu dute lehendabizikoz eta AEK, Seaska eta Sortzen elkarteei saski bakoitzetik 5 euro bideratuko zaie pandemiak eragindako galeren konpentsazio gisa.

Mendigorrin egin dute kanpainaren aurkezpena. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Mendigorrin egin dute kanpainaren aurkezpena. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Errigoraren oinarrian «ekiteko asmoa» dagoela ziurtatuta, larunbat honetan eginiko aurkezpenean bere egin dute 19. Korrikaren mezuan Lorea Agirrek esandakoa: «Auzia ez da izan ala ez izan. No-lako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara».

«"Egiten duguna gara" baieztapena da», adierazi dute Errigorako kideek. «Aspaldiko urteetan askotariko jatorri eta grinak ditugunen artean egiten ari garen komunitatearen egiaztapena», alajaina.

Ekoizle, euskaltzale, kontsumitzaile arduratsu eta herrigintzako kideak batzen dituen zubien oinarri bilakatu delakoan dira. Azaldu dute 2013an kanpaina abiatu zenetik ia 1.200.000€ko ekarpena egin zaiola zonaldeko euskalgintzari, baina hori baino askoz gehiago lortu duelakoan ere badira.

Errigoraren komunitateak «auzolana balioan jartzea; zonaldeko 25 kontserba-etxek, olio-errotak, pastagilek, gozogilek eta lekale-ekoizlek bat egin eta ekoizpenaren eta euskararen alorrean urratsak ematea edo euskal herritarren artean, ekoizle eta kontsumitzaileen artean eta pertsona eta kontzeptu ustez apartekoen artean (esaterako, euskararen eta elikadura-burujabetzaren artean) zubiak eraikitzea» lortu duela azaldu dute.

Errigorak, urtero legez, aurkeztu du udazkeneko kanpaina eta larunbat honetatik abiatu eta azaroaren 12ra arte Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko ditu. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko 25 ekoizlek eskainitako produktuak batu dituzte.

Irabazitakoaren %25 bertako euskalgintzara bideratuko da: Tuterako, Lodosako eta Vianako ikastolei; Erriberako AEK-ri; Sortzenek hezkuntza publikoan D ereduko lerroak zabaldu eta mantentzeko egiten duen lanari eta Agerraldia egitasmo berriari.

Baina urteroko ekarpenaz gain, euskarazko ekimenentzako elkartasun-planteamendu berri bat txertatu dute, pandemiak eragindako kalteak arintzen laguntzeko diru-kantitate zehatz bat dinamika ezberdinetara bideratuz eta Agerraldia urteko agenda sortu eta antolatuz.

Saski bakoitza 5 euro garestiago elkartasun gisa

Hala, Saski bakoitzaren prezioa 5 euro garestiagoa izango da, pandemiak gogor jo dituen euskarazko antolakundeak babestu asmoz. AEK, Seask edota Nafarroan D eredua sustengatzeko lanean dabilen Sortzen dinamikak ditu ardatz elkartasun planteamendu berri honek eta hauen opariak ere eskuratu ahal izango ditu kontsumitzaileak.

Saski beltzarekin Korrikaren katilua jasoko du erosleak, 20. Korrika ospatzeko ezintasunak AEKri eragindako galerak konpentsatu ahal izango ditu 5 euro gehiago ordainduta.

Saski berdea eskatzerakoan, hau ere bost euro garestiago izango dena, Seaskaren egutegia jasoko du erosleak eta Herri Urrats ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen lagunduko du.

Saski zuria bakoitzarengatik kontsumitzaileak ordainduko dituen 5 euro gehigarriak D ereduaren haziak jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko izango dira, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko.

Agerraldia

Agerraldia Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspo berria ematera dator, zonaldeko euskaltzaleen indarrak metatzera, ilusio berriak piztera eta orain arteko lanari bultzada ematera.

Urritik urrira Agerraldiak babesten, sustatzen edo antolatzen dituen ekimen eta ekitaldi puntual zein iraunkorrak jasoko ditu agendak. Aisialdian, eskaintza kulturaletan, kirol jardueretan, lan munduan, erakundeen esparruan edo hezkuntzan euskarak dagokion lekua irabaztea da asmoa.

Ekintza guztiak Agerrerako izango dira. Nafarroa hegoalde eta erdialdean kokatzen da Agerraldia, erromatarren Ager vasconum, Garesetik Kortesera eta Zangozatik Vianara.

Eremu periferikoa erdigunera ekartzeko «bokazioaz» gaindi, gainontzeko Euskal Herriari ere egin nahi diote lekua: «Mugimendua bera babesteko, baliabideak biderkatzeko eta es-kaintza zehatzak antolatzeko, esate baterako, Etxarriko gazteek, Garaziko dantzariek, Bilboko erakundeek, Orioko arraunlariek, Iruñeko unibertsitariek edo nazio mailako eragile eta erakunde askotarikoek ezinbesteko parte-hartzea izango dute».