Jon Ormazabal
Entrevue
Ibai ZABALA
Baikoko pilotaria

«Hau amai dadin nahi dugun lehenak gara, baina ez edozein modutan»

Pilotarien grebarekin eliteko kirolarien lan baldintzen mitoa erori zaio askori, Berrizeko atzelariak azken hilabete hauetako sentipenak elkarbanatu ditu NAIZekin.

Ibai Zabala.(Aritz LOIOLA/FOKU)
Ibai Zabala.(Aritz LOIOLA/FOKU)

Bigarren bileraren ostean enpresak ezkorragoa ematen du zuek baino, nola dago kontua?
Gu enpresaren mugimendu edo erabakien zain gaude. Guk ere, hedabideetan entzun dugunagatik, ezkor amaitu zutela ulertu dugu, jarrera zurrun bat izan genuela  eta guk ez dugu hori partekatzen. Batzarrean argi esan genien prest gaudela goiz, arratsalde eta gau batzartzeko, egunero bada ere. Nahi duguna ahalik eta arinen negoziatu, akordio batera heldu eta denok pilotan jokatzen  hastea da.

Enpresaren bertsioa entzunda, kontu ekonomikoak dira mugarri, baina beste gauza asko eskatzen zenituzten Tolosako agiri horretan…
Bai, eta argi dago dena ez dela dirua, asko hitz gin da %20 horren inguruan eta dena ez da hori. Guretzat oso garrantzitsuak diren lau kide kanpoan geratu dira, eta jarreak eta gauzak egiteko moduak ere hor daude, horrez gain, lan hitzarmen minimo bat, eta hor egongo lirateke gutxieneko soldatak. Pilotari ahulenei dagokionez, babes gabe aurkitzen diren horiei babesa ematea. Kontu ekonomikoetatik haratago doa, gero barne araudiaren kontua dago, horiek negoziatzeak enpresari ez dio inolako kostu ekonomikorik  suposatzen. Konturen batzuetan izango du kostu ekonomikoren bat, baina nik uste kontua hori baino gehiago dela.

Covid-a jartzen da sarri krisi honen abiapuntu bezala, nik sentsazioa daukat, arazoak dezente atzeragotik datozela, hala da?
Hori da, nik uste dut gertatu dena da gauza asko batera batu direla eta  nolabait lehertu egin dela gaia. Hemen kontua ez da pandemiatik hona gertatu diren gauzak, aurretik gertatutakoak asko esan nahi du. Pilotari askoren aldetik entrenamendu kontuak daude, hortik zehar inoiz egon diren isun ekonomikoaren bat edo beste… pixka bat jarrera zurrun hori eta pilotariekin berba egin eta hitzartu barik jokatzeko jarrera hori da, orain arte bizi izan ez dena. Gero pandemiarenak ez zuen lagundu horri irtenbide bat bilatzen eta pandemiak ekarri duena da, enpresek gure egoera ekonomikoa edo dena delakoa gehiago estutzeko aukera bat ikusi dutela eta estutzen eta estutzen joan diren une horretan, ba honek eztanda egin du.

Eta eztanda horretan kontuan izan behar da lau ez berritze horiek pisu handia izan dutela. Azken batean gu kideak gara eta, ni azken hilabete hauetatik  gehien pozten nauena da, bazela garaia elkartasun bat ikusteko pilotarien artean, izan ere, beti zabaldu izan da mezu hori;  hau banakako kirol bat  dela eta bai, bada, baina hemen enpresa batean kideak gara, langileak gara eta kideen artean injustiziak ematen direnean, guk ere zer esan bat izan behar genuela eta hori izan da, adibidez, hau eztandarazi duen faktorerik garrantzitsuenetako bat.

Kirol ikuspegitik ulertezina egiten zaigu askori erabaki hori
Enpresaren aurrean beti defendatu izan dugu egin duen horrek ez daukala ez hankarik eta ez bururik. Tolosan azaldu genuen gure ustez aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen (ABEE) irteera horretan eman ziren negoziazio pausu eta talka horien ondoren hartutako erabakiak izan zirela, eta guk, behintzat, ez genion esplikaziorik aurkitzen eta kide bezala ezin genituen maila horretako horretako lau kide kanpoan utzi.

Greba egitearen pausua ematerako, oso erreta behar zenuten, ala?
Ez hori bakarrik, greba gure azken aukera izan da, enpresarekin hitz egin, negoziatzen saiatu eta dena ezezkoa izan zen. Dena elkarrizketa ezaren bidetik doanean, ba azkenean zure azken heldulekura heltzen zara eta hori izan da guretzat grebarena. Eta, momentuz, nik uste, egin ditugun mugimendu guztietatk emaitzarik gehien ematen ari dena dela, eta ikusiko dugu etorkizun urbil batean zein norabide hartzen duen honek.

Ematen du orain, kolektibotik kanpoko beste pilotari batzuk mugitzen ari direla ikusita, arazo honek eurei ere nola edo hala eragiten diela, baina kontuan izan behar da greban gaudenok gu garela eta ondo dagoela mugimenduak egitea, baino gu kontuan izan gabe mugimenduak egite hori ez dugula ondo ikusten.

Olaizola, Urrutikoetxea, Altuna eta Ezkurdiak sustaturiko elkartean parte ez hartzea erabaki duzue. Ze iritzi duzu mugimendu honetaz?
Elkarte horri guk ezetza eman diogunean argi utzi dugu guk elkarte baten aldeko apostua egiten dugula, nola ez? Baina ez horrela sortutako eta horrelako elkarte batean. Beti esan diogu elkarte bati bai, baina denok berdinak garen batean, eta bataren edo bestearen botoak edo iritziak berdin balio du eta erabakiak era parte hartzaile batean egiten dira. Guk ibilbide hau horrela egin dugu, beti era parte hartzaile batean, bozketen bidez, eta gure ustez hori da elkarte baten funtsa eta oinarria. Eta elkarte hori horrela ematen bada, gu bertan egongo gara, hortan ez dudarik eduki. Ekimena ondo dago, baina lau pilotarik enpresarekin zuzenean hitz egin eta ondoren hitz  egindako hori beste pilotari batzuei azaldu eta hortik elkarte bat sortu, hori guretzat ez da logikoa eta horregatik esan diogu ezetz.

Greba eraginkorra izaten ari dela ulertu dizut, zertan?
Nabaritu dudana da, enpresaren aldetik, hasierako hitzik egin nahi ez horretatik hitz egitera pasa garela. Esaten dudana nahiko penagarria iruditzen zait, baina errealitatea horrela izan da, hitz egitea pausu bat da eta lehen batzarretik bigarrenera pausu batzuk eman dira. Guretzat emandako pausuak ez dira nahikoak baina pauso batzuk eman dira, nolabaiteko aurrera pausoak eman dira. Zergaitik? Eztabaidatu beharko genuke ea arazo hau konpondu egin behar dela iksuten dutelako edo epaitegiek aurreko astean eman zuten epai horren ondorioz etorri den zerbait den, baina horretan gaude eta gu gara honekin bukatu eta pilotan jokatzen  hasi nahi dugunak. Baina honekin  bukatzeko proposamenak egon behar dira mahaian, proposamen idatziak eta, beti esan dudana, finkoak, oinarri bat dutenak. Hortik aurrera, gure eskarietan, batzuetan pixkatxo bat atzera egin beharko dugu, beste batzuetan eurak eta gauzak nik uste horrela adosten direla

Norainoko desgastea suposatzen du greba batek zuentzat?
Ez grebak bakarrik, jendeak greban bakarrik zentratzen da, baina guk denbora luzea daramagu kontu honekin atzera eta aurrera. Sindikatua izan aurretik ere beste pausu batzuk ematen hasi ginen gure aldetik, abokaturen batekin, esan nahi dut guk hilabete batzuetako ibilbidea daramagula eta guretzat nahiko pisutsua da, erreta ere bagaudela esan daiteke momenturen batean, eta guk ere nahi dugu hau behingoz amaitzea, baina ez edozein modutan.  
 
Beste enpresako pilotariek gurekin Tolosan esandako elkarte horri baietz esan zioten lehen momentutik, baina guk albo batera utzi genuen. Laso eta Mariezkurrnarekin gertatu zenaren ondoren pentsatu genuen lehenengo gure enpresako gauzak ebatzi behar genituela. Ikusita eurak ere hasi direla piskatxo bat mugitzen, ikusiko dugu zein bidetatik eta nondik etor daitekeen arazo guzti honi irtenbidea. Azken batean, nahi duguna da irtenbide bat lortzea eta horretarako prest gaude, izan grebatik, izan sindikatutik, elkarte batetik…

Enpresak honaino helduko zinetenik espero zuen?
Nik uste dut ezetz, enpresak ez zuen pentsazten, guk ere ez genuen uste eta. Orain dela denbora luze bat, hau hasi genuenean, ez genuen imaginatu ere egiten greba batean amaituko genuela. Esku plitoan sekula ez da greba bat egon eta guk beti uste genuen, honaino heldu aurretik, jarriko ginela lasai, berba egin fede onez… baino gertatu dena da, ibilbide honetan pausoak aurrera eman beharrean, atzera  eman direla eta pauso horien artean hortxe daude ez berritze horiek. Guri min handia egin zigun talde lez, ez ahuldu egiten gintuelako, lagun eta kide sentitzen dituzun batzuk era horretan kalean geratzen direla ikustea mingarria da. Eta aurretik esan bezala, ni alor horretan oso pozik nago nire kideekin, elkartasunez jokatu dutelako.

Diru kontuak aurkeztu zizkizueten aurrekoan, ondoriorik atera duzue?
Oraindik begira gaude, ze hor gauza asko daude ikusteko, arraroa iruditu zaigun bakarren bat ere bai, arraroa diodanean ez dut ilegala esan nahi, baizik eta mugimendu araroren bat. Gu pilotan jokatzen bakarrik gara adituak, ez ekonomian, eta horretan adituak diren batzuk ari dira kontu horiek ikuskatzen eta aztertzen eta ea zein den euren iritzia.

Victor, Laso, Mariezkurrena eta Eskiroz nola dauden berririk bai?
Gu eurekin kontaktuan gaude, azken batean nahiz eta greba kide ez izan, argi daukagu gure pilotari taldeko kide izan direla lehen momentutik eta eurekin gaude. Nik uste dut, danon moduan bizi dutela hau, ziurgabetasunarekin, kontutan izanda euren egoera ez dela erraza. Etorkiuzn handiko  lau pilotari bat batean kalean geratu dira eta suposazen dut digestio bat, edo hau guztia nola asimilatu, izango dela lehen pausua. Hortik aurrera, ea gure miugumenduetatik eurentzat onak diren erabaki eta irtenbide batzuk lortzen ditugun.

EPEL lau hauetariko batzuri kontratua egiteko moduak aztertzen ari omen da, Baikok dio berak ezin duela, Aspek fitxatzea litzateke aukera, Ligak berak? Nola izan daitekeen esan dizuete?
Liga, azken batean, Baiko eta Aspe dira. Guk mugimendu hori ez dugu ulertzen, ez dakigu Aspe agente bezala agertu ahal den berritze horien inguruan hitz egiteko, ez dakigu, gurekin ere ez direlako izan horren gardenak alor horretan. Guk mesfidantzaz hartzen dugu, zoritxarrez orain arteko bideak hala jokatzera eraman gaituelako, baina emaitza positbo bat lortzeko bidea bada,  gu horrekin ere pozik egongo ginateke

Zuen taldeak oso baturik jarraitzen duela ematen du, ala da?
Mundu guztiak argi izan behar du, zerbait bagaude, batuta gaudela. Gure artean gure eztabaidak ditugu, gure iritzi kontrajarriak eta gure artean hainbat eta hainbat bozketa egin ditugu, batzuk aho batez onartzen dira eta egon da beste bozketaren bat 7/8ren aurka ebatzi dela, baina argi daukaguna da guk gauzak demokartikoki erabakitzen ditugula eta erabaki hori izango dela ondoren taldeak emango duen iritzi publikoa edo pausua. Eta alor horretan nik uste, taldeko partaide bezala, nire taldekideak zoriontzeko moduan nagoela. Ikuspegi kolektibo eta talde ikuspegi hori errespetatu, aurrera eraman eta defendatzea garrantzistua da eta pilota bezalako mundu inidibidual eta indibidualista batean, oraindik gehiago.

Egoera pertsonal oso desberdinak dituzue gainera
Batzuk irabazteko asko dute eta besteek galtzeko bakarrik, baina azken batean nik uste hori dela elkartasuna. Bagaude pilotari batzuk eskatzen ari garen puntu horietan guztietan ez daukagula ezer irabazteko, baina hala ere gure interes pertsonalak ez ditugula sekula kolektiboaren aurretik jartzen eta nik uste hori dela garrantzistuena, talde interesak eta nolabaiteko danontzat ona den horren aldeko jarrera hori eta lanketa hori. Egoera desberdinak daude, gazteagoak, helduagoak, bakoitzak bere egoera, bere kontratua duena eta nik uste horretan gure taldeak era eredugarri batean jokatu duela eta ez nuke izenik eman nahi, bakoitzak bere aletxoa jarri du, batzuk geihago besteak gutxiago, baina niretzat behintzat, pilotan daramatzadan urte hauetan guztietan betirako gogoratuko dudan zerbait da

Zure kasua ere berezia da gainera, LABeko kidea eta ELAk daraman greba baten ordezkari zabiltza…
Gure taldean denok gaude sindikatuta baina, ni naiz LABeko bakarra. Hala ere, nahiz eta hau ELAk eraman eta nik lan horretan lagundu, hau sigletatik harago doan zerbait da. Denon intereserako zerbait da eta horren alde beti egingo dut lan, dauden siglak dudela. Lehen momentutik, askotan galdetu didatenan, esan izan dut kontu honetan guztian ez dudala ezer irabazteko, galtzeko baino. Azken finean, eskatzen ditugun baldintza horiek guztiak nik baditudalako. Era pertsonalean badakit azken aste edo hilabeteetan eman dudan aurpegi hori eta horrek guztiak ziur aski bere faktura pasako didala nire etorkizuneko kirol ibilbidean. Lehen laburra bazen, orain ziurrenik laburragoa izango da, baina ni horretaz kontziente izan naiz lehen unetik. Jakin badakigu halako mugimenduek ondorioak izaten dituztela, baina nik uste, beterano legez, eta aldagelan entzuten den ahots nahiko garrantzitsu legez, batez ere urte asko daramatzadalako, ni nintzela pausu hori eman behar zutenetako bat. Eta ondorioak ordaindu behar badira, prest nago ordaintzeko, elkartasuna eta duintasuna gainetik daude.