NAIZ

1.556 positibo berri Hego Euskal Herrian eta 71 lagun ospitaleratuta egun batean EAEn

Lakuak iragarri duenez, 978 kasu berri antzeman dira EAEn. Nafarroan berriz, 578 covid-19 positibo antzeman dira.

PCR proba egiteko zain, Durangon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
PCR proba egiteko zain, Durangon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Osasun Sailak emandako datuen arabera, EAEn 11.935 test diagnostiko egin ziren astelehenean, eta, haietatik, 978 positiboak izan ziren, %8,2a. 86kasu Araban antzeman ziren, 457 Bizkaian, 413 Gipuzkoan eta 22 EAEtik kanpo bizi diren pertsonetan.

100.000 biztanleko intzidentziak gora egin du hiru herrialdetan azken egunetan. Gipuzkoa 765,76koa da, Bizkaia 450,71ekoa eta Araban 361,93koa azken datuen arabera.

Bizkaian Abadiño, Abanto Zierbena, Amorebieta-Etxano, Durango, Elorrio, Ermua, Galdakao, Muskiz eta Ortuellak gainditu dute 500 puntuko muga.

Eta egoera larriagoa da Gipuzkoan, hainbat udalerrietan 1.000 puntuko muga gainditu delako, Astigarra, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Lezo, Ordizia, Urretxu eta Zumaian haien artean. Gipuzkoako datu txarrena Urnietan jaso da, bertan intzidentzia 2.326,33koa da.

Araban Zuiako eta Añanako zenbait lekutan ere intzidentziak 500 kasuen muga gainditu du, ez ordea udalerrietan. 

EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, covidaren ondorioz 71 pertsona ospitaleratu zituzten astelehenean, eta covid duten 74 pertsona ospitaleetako ZIUn daude.

Nafarroan ere covid-19aren datuak kezkagarriak dira. Foru Gobernuak emandako behin betiko datuen arabera, 578 kasu berri antzeman dira herrialdean 3.952 proba egin ostean (PCR eta test antigenikoak). Positibitate tasa, hortaz, %14,6koa da.

Zonaldeka, positiboen %58 Iruñerrian erregistratu dituzte; Tuterako zonaldean, %16; eta Lizarrakoan, %9. Gainerakoak (%17) Nafarroako beste eremu batzuetan sakabanatuta daude.

Atzo, aipatu gaitzari lotutako 26 ospitaleratze izan ziren Nafarroako ospitaleetan, bat ZIUn. Bi emakumeren heriotzaren berri ere eman du Exekutiboak. 74 eta 83 urte zituzten. Horiei gehitu behar zaizkie Osasun Ministerioari orain jakinarazitako baina aurreko egunetan erregistratutako hamar hildako gehiago. Ondorioz, 688 pertsona dira guztira koronabirusak jota Nafarroan zendutakoak.

Foru erkidegoaren ospitale sarean 396 pertsona daude ospitaleratuta covid-19arekin (atzo baino bost gutxiago), horietako 50 ZIU postuetan (atzo bezainbeste) eta beste 61 etxean.

Hildako bana Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, herrialde horretako zaharren egoitzetan pertsona bat hil da azken orduetan, koronabirusarekin. Horrekin, 80 dira jada pandemiaren bigarren oldarraldian egoitzetan hil direnak. Erabiltzaileen artean 115 daude covid-19ak kutsatuta, azken zenbaketan baino sei gehiago, eta langileen artean, berriz, 88, duela bi egun baino sei gehiago.

Bestalde, Donostiako Alai-Etxe erresidentzian, non 21 egoiliar dauden diagnostiko positiboarekin, beste hildako bat egon dela jakitera eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Abenduaren 11an berriz ere Gipuzkoako egoitzetan kasu positiboak antzematen hasi zirenetik, 37 pertsona hil dira covid-19arekin eta 86k gainditu dute gaixotasuna. Hiru positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, eta 72 dira orotara koronabirusean positibo eman duten pertsonak egoitza gipuzkoarretan.