NAIZ
DONOSTIA

Euskadiko Orkestrak Richard Wagnerri eskainiko dio hurrengo kontzertu-programa

Michel Tabachnikek zuzenduko ditu ‘Sigfridoren idilioa’ eta bost ‘Wesendonck Lieder’-ak eta ahotsarekin Rinat Shahamek interpretatuko ditu, «une honetan munduan eskaera gehien jasotzen ari den mezzosopranoetako batek». Edukiera mugen ondorioz azaroaren 3an Iruñean ematekoa zuen kontzertu bikoitza bertan behera gelditu da.

Euskadiko Orkestra, Donostiako Hamabostaldian eskainitako kontzertu batean. (Gorka RUBIO/FOKU)
Euskadiko Orkestra, Donostiako Hamabostaldian eskainitako kontzertu batean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Erromantizismo musikalaren hastapenetan funtsezko pertsonaia izan zen Franz Schuberten sinfonia ziklo batekin Denboraldia inauguratu ostean, Euskadiko Orkestrak Richard Wagnerrengan jarriko du arreta bigarren kontzertu-programan. Musikagile alemaniarrak opera corpus bat sortu zuen, non maitasuna, erlijioa edo filosofia bezalako gai handietara hurbildu zen, mugimendu artistiko honen heldutasun aldiaren muina direnak. Michel Tabachnikek zuzenduko ditu ‘Sigfridoren idilioa’ eta bost ‘Wesendonck Lieder’-ak. Ahotsarekin Rinat Shahamek defendatuko ditu, «une honetan munduan eskaera gehien jasotzen ari den mezzosopranoetako batek, alegia», Euskadiko Orkestrak azaldu duenez. Kontzertuak Wolfgang Amadeus Mozarten 35. Sinfoniarekin amaituko dira, ‘Haffner’ izenekoarekin.

Kontzertu-programa honek zailtasunak izan ditu covid-19ren munduko pandemiak sortutako egungo egoerarekin lotuta. Euskadiko Orkestrak pasa den astean iragarri zuenez, indarrean dauden edukiera mugen ondorioz bi saio berri programatuko ditu azaroaren 5ean eta 6an Kursaal Auditoriumean, Donostian aurreikusita zeuden lau saioez gain, eta azaroaren 3an Iruñean aurreikusita zegoen kontzertu bikoitza bertan behera utziko duela.

Gauzak honela, bihartik aurrera eta azaroaren 9ra bitartean egingo den ‘Wagner’ kontzertu-programa honela geratuko da: Donostian sei saio (urriaren 29an eta urriaren 30ean saio bana eta azaroaren 5ean eta 6an bina saio), Gasteizen bi emanaldi (azaroaren 2an eta 9an), eta Bilbon saio bikoitza egun bakarrean, azaroaren 4an (18.00etan eta 18.15ean).

Ibilbide oparo bat

Michel Tabachnik (Geneva, 1942) zuzendariari dagokionez, «sekulako ibilbidea» duen profesionala da, Euskadiko Orkestraren hitzetan. Konpositorea izateaz gain, saiakerak eta eleberriak ere idatzi ditu eta harreman luzea izan du Europako orkestra garrantzitsuenetako batzuekin: Lisboako Gulbenkian orkestrarekin, Holandako Iparraldeko Orkestrarekin edo, berrikiago, Bruselako Orkestra Filarmonikoarekin.

Oraingo honetan, Tabachnikek Richard Wagner konpositore alemaniar ezagunaren bi obrari egingo die aurre Euskadiko Orkestrarekin batera. Alde batetik, ‘Sigfridoren idilioa’ poema sinfonikoa, zeinaren musika urte batzuk geroago Wagnerrek ‘Sigfrido’ operarako erabiliko zuen, eta, bestetik, ‘Wesendonck Lieder’, 1857an idatzitakoa ‘Tristan eta Isolda’ operan lanean ari zen bitartean. Bi obrek ezkontzaz kanpoko harremanekin lotutako historia dute atzean.

Wagnerren musikari ohore egin ondoren, kontzertua «oso tonu desberdin batean amaituko da, lan klasiko eta askoz arinago batekin»: Mozarten 35. Sinfonia, ‘Haffner’. «Mozartek musika noble, distiratsu eta arranditsua konposatu zuen sinfonia honetarako; baina, originaltasun batzuk eta espiritu dramatikoa ere eman zizkion, Vienako garaian garatuko zituen interesen (bereziki antzerkikoen) aurrekari», zehaztu du Euskadiko Orkestrak.